Ibaiak gainezka egin du hainbat tokitan eta arazo handiak daude herriko errepideetan

Uztarria.eus 2011ko aza. 6a, 16:11
Madalena parean ibaiak gainezka egin duela-eta, familia bat etxetik atera behar izan dute.

Eskustan eta Madalenan Urolak errepidea hartu eta moztuta gelditu da igarobidea

Landetan, Glual lantegiaren parean; Loiolako hiribidean, Olazko biribilgunean; eta Urrestilla bidean Aginetxeko bihurgunean, putzu handiek pasoa oztopatzen dute

Azken ordukoa (16:40): Madalenan bizilagun batzuk etxetik atera dituzte

Asteburuko eurite bortitzak hainbat arazo ari dira sortzen Azpeitian eta inguruetan.

Ostiraletik zapaturako gauean euria botatzen hasi, eta harrezkero etengabeak izan dira erauntsiak, sarri oso gogorrak ere bai. Ordu gutxitan litro asko ari da botatzen eta ibaiak oso hazita datoz, gainezka egiteraino. Zapatu iluntzean Urola ibaiak gainezka egin zuen Lasao aldean, Alberdi baserriaren parean, eta Loiolako hiribidea ere moztu egin behar izan zuten, putzuengatik.

Gaur, berriz, arazoak han eta hemen ari dira errepikatzen. Udaltzaingotik jakinarazi dutenez, Eskustan eta Madalenan Urolak errepidea hartu eta moztuta gelditu da igarobidea bietan; Ertzaintza eta suhiltzaileak lanean ari dira, errepidea lehenbailehen irekitzeko.

Landetan, Glual lantegiaren parean; Loiolako hiribidean, Olazko biribilgunean; eta Urrestilla bidean Aginetxeko bihurgunean, putzu handiek pasoa oztopatzen dute. Landetan eta Loiolako hiribidean ibilgailuentzat bidea itxita dagoela esan dute udaltzainek -Azpeitia eta Azkoitia arteko trafikoa Sanjuandegi aldetik bideratu dute-; Urrestillarako errepidean, berriz, errai bat guztiz hartuta dauka urak aipatutako bihurgunean, Azpeititik Urrestillarako norabidekoa.

Euriteak luiziak ere eragin ditu. Aiparrienetakoa Aratzerrekako bidean gertatu da goizaldean; errepidea ia osorik hartu du lurrak, Olaberri baserritik gertu, baina udaltzainek adierazi dute errepidea ez dagoela erabat itxita.

Aipatutakoez gain, zenbait baserri-bidetan ere oztopoak daude pasatzeko, eta ura hainbat garaje eta etxabetan ere sartu da.

Azken ordukoa (16:40): Madalenan bizilagun batzuk etxetik atera dituzte.