Lau etxebizitza tasatu berriro zozkatuko ditu Udalak

Uztarria.eus 2011ko aza. 4a, 17:11

Hiru Enparan kalean daude, eta bestea Euskal Herria auzunean

Zozketarako izena emateko epea azaroaren 11n itxiko da

Udalak etxebizitza tasatuen zozketa berri bat iragarri du. Urriaren 4ko udalbatzarrak onartutakoaren arabera, lau etxebizitza zozketatuko dituzte: hiru Enparan kalean daude, 47. zenbakian, eta bestea Euskal Herria auzunean, 33. zenbakian (Eroskiko dorreen solairuartean). Enparan kalekoak dagoeneko eraikita daude, eta Euskal Herriakoa eraikitzen ari dira.

Lau etxeak joan den martxoko deialdiak sartu zituzten baina saldu gabe gelditu ziren, eta prozesua berriro martxan jartzea erabaki du Udalak. Prozesua ahalik eta epe laburrenean osatzea espero du Udalak eta, zozketarako datarik ez dagoen arren, abenduan egitea aurreikusten dute.

Epeak eta betebeharrak

Etxebizitza horien zozketarako izena emateko epea azaroaren 11n itxiko da.

Zozketan parte hartu ahal izateko betebeharrei dagokienez, besteak beste hauek dira kontuan hartu beharrekoak:

  • 2010 ekitaldiko diru-sarrerak hartuko dira kontuan eta horiekk ezingo dute 52.500 euro baino handiagoak izan. Halaber, gutxieneko sarrerek ezingo dute 12.000 eurotik beherakoak izan.
  • Herriarekin lotura izatea. Azpeitian erroldatua egotea, gutxienez 3 urtean azken 5 urteotan; azken 10 urteotan Azpeitian lan egin izana; edota azken 15 urteetan gutxienez 5 urtean udalerrian erroldatua egon izana frogatu beharko dute interesatuek.

Izena eman nahi dutenek edo informazio zabalagoa nahi dutenek, Azpeitia Lantzenen bulegoetara joan behar dute.