Azpiegitura berriarekin datoz XXIX. Antzerki Topaketak

Uztarria.eus 2011ko aza. 4a, 13:11
Ezkerretik eskubira, Iñaki Mariñelarena, Imanol Amenabar, Eneko Etxeberria, Pedro Otaegi eta Alaitz Olaizola.

Gaur, ostirala, hasiko dira Antzerki Topaketak, Vaiven produkzioaken Lotsagabe lanarekin

Lau asteburutan izango dira emanaldiak

Gaur, ostirala, hasiko dira XXIX. Antzerki Topaketak , Vaiven produkzioaken Lotsagabe lanarekin. Soreasu antzokian izango da hitzordua, 21:30ean hasita.

Aurtengo Topaketak gaur eguerdian aurkeztu dituzte Soreasu antzokian. Bertan izan dira Iñaki Mariñelarena topaketak iragarriko dituen kartelaren egilea, Imanol Amenabar Kultura Batzorde Burua, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Alaitz Olaizola antzerkigilea eta aktorea, zein Pedro Otaegi aktorea.

Eneko Etxeberriak hartu du hitza lehenengo, eta esker hitzak izan ditu antolakuntzan-eta ibili direnentzat: "Eskerrak eman nahi dizkiet 29 urteotan antolatzen-eta ibili direnei, 29. aldia izatea posible egin dutelako". Programa "interesgarria" dela ere gaineratu du Etxeberriak: "Programa interesgarria da, euskal merkatuko produktu onenak ekartzen saiatu gara.

Mota guztietako lanak

Dagoeneko etxeetara banatu duten XXIX. Euskal Antzerki Topaketen egitaraua. Bi estreinaldi izango dira: Bodologoak (hilaren 11n egingo dute) eta Inorako bidean (Topaketetako azken emanaldia izango da, hilaren 20an).

Horrez gain, Topaketen hirugarren asteburuan talde amateurrek hartuko dute; tartean izango da Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerrekoek antzeztuko duten Lost & Found obra. Alaitz Olaizola da antzerki taldeko zuzendaria, eta aurkezpenean esan duenez, "emakumeok ditugun kezkak-eta azaldu nahi ditugu antzerki honekin. Maiatzean aurkeztu genuen, eta orduz geroztik jo ta su ari gara antzezlana prestatzen".

Bestalde, Kalkuta taldeak Hau ez da Kalkuta antzezlana taularatuko dute. Urtero legez, antzerki eskoletako ikasleen lanik ez da faltako.

Antzerki Alternatiboak ere izango du tartea topaketetan. Izan ere, hilaren 17an, ostegunean, antzerki alternatiboak hartuko du lekukoa. Gaztetxean bi obra ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek: Eguzkilore eta Mustroa.

Euskal Herriko Antzerki Zale Elkarteak mahai-ingurua prestatu du, hilaren 12rako. Antzerkia norentzat? idaztearen plazerra gai hartuta, Daniel Landart, Xabier Lopez Askasibar, Jokin Oregi eta Alaitz Olaizolak solasaldia izango dute Sanagustin Kulturgunean. Horren harira, "EHAZE-k Azpeitian duela sedea eta parte hartzea nahi zutenez, antzerki obren idazleekin-eta saioa antolatzea pentsatu genuen", adierazi du Alaitz Olaizolak.

Bestalde, "Txalo Saria Iñaki Bergara":http://uztarria.com/albistiek/1319724324 'Pio'-k jasoko du aurtengoan. Aurten saria banatzen duten hirugarren aldia izango da. Uztarria Komunikazio Taldeak, gainera, Bergarai buruzko liburuxka biografikoa aurkeztuko du egun berean. Monika Juaristik idatzi du liburua.

Saria emanda

Aurkezpen ekitaldian izan da aurtengo Antzerki Topaketak iragartzeko kartelaren egilea, Iñaki Mariñelarena. "Esker hitzak" izan ditu Mariñelarenak: "Aurtengoa lehiaketara aurkezten naizen bigarren aldia izan da eta eskerrak eman beharrean nago, asko poztu naiz".

Joxin gogoan

Alaitz Olaizolak gogoan izan du Joxin Unanue. Olaizolak adierazi duenez, "Akordatu nahi izan dugu Joxinekin, hemen ikusten dugulako eta antzerkia egiterakoan ere hemen ikusiko dugulako. Hiretzat azken komedia, Joxin!"

Joxin Unanuek Soreasun egin zuen lan urteetan, eta aurten hil da.

Egitarau osoa

Azaroak 4, ostirala: Vaiven Produkzioaken Lotsagabe obra. 21:30ean hasita, Soreasun.

Azaroak 5, zapatua: Tartean taldearen Larria, kutxakorra eta mendebaldekoa obra. 21.30ean hasita, Soreasun.

Azaroak 6, igandea: Hika taldearen Ilargiaren bi aldeak obra. 18:00etan hasita, Soreasun.

Azaroak 11, ostirala: Txintxeta Ekoizpenaken Bodologuak lana. 21:30ean hasita, Soreasun.

Azaroak 12, zapatua: EHAZE-k antolatuta, mahai-ingurua. 12:00etan hasita, Sanagustinen.

Azaroak 12, zapatua: Dejabu Panpin Laborategia taldearen Gure bide galduak lana. 21:30ean hasita, Soreasun.

Azaroak 13, igandea: Txalo taldearen Ipuinaren bila antzezlana. 18:00etan hasita, Soreasun.

Azaroak 14, 15 eta 16: Eskola eta gaztetxoei zuzendutako antzerkia. 11:00etan eta 15:30ean, Soreasun.

Azaroak 17, osteguna: Antzerki Alternatiboa. Ane Arenas eta Erika Olaizolak Eguzkilore lana egingo dute. Aldiz, Urki Muguruzak Munstroa obra.

Azaroak 18, ostirala: Karrika taldeak Hau ez da Kalkuta antzeztuko du 21:30ean hasita, Soreasun.

Azaroak 19, zapatua: Txalo Sariaren banaketa eta Uztarriaren liburuzka biografikoaren aurkezpena. 12:00etan hasita, Sanagustinen.

Azaroak 19, zapatua: Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerraren Lost & Found lana. 21:30ean hasita, Soreasun.

Azaroak 20, igandea: Kukubiltxo taldearen Inorako bidaia obra. 18:00ean hasita, Soreasun.