Miren Odriozola: "Gobernuak oso ideia onak ditu, baina dirurik ez horiek aurrera eramateko"

Urola Kostako Hitza 2011ko aza. 3a, 19:11
Miren Odriozola. (LEIRE VENTAS)

Internazionalista gisa lanean aritu zen Odriozola El Salvadorren, 1980eko hamarkadan

Orain, osasun proiektu bat medio itzuli da herrialdera, eta aldaketen berri eman dio 'Hitza'-ri

.1980ko hamarkadan El Salvadorren bizi izan zen Miren Odriozola (Azpeitia, 1944). Orain, erretiratu ostean, proiektu bati esker Erdialdeko Ameriketako herrialdera itzuli da. Azpeitiarrak oso ondo ezagutzen du herrialdea, eta lehen pertsonan bizi izan ditu El Salvadorren eman diren aurrerapausoak. Dena dela, argi du: "Gauza asko geratzen da oraindik egiteko".

Ez da El Salvadorren bizi zaren lehen aldia. Harreman estua duzu herrialdearekin, ezta?

Bai. Hamaika urtez bizi izan nintzen El Salvadorren, 1982tik 1993ra arte. Egun agintean dagoen alderdia, FMNL (Nazio Askapenerako Farabundo Marti Frontea), lehen bost erakundek osatzen zuten, eta ni horietako baten bidez etorri nintzen, internazionalista bezala, laguntzera. Gerra zibilean zeuden orduan, eta beharrak asko ziren. Ni gehienbat osasungintzan aritu nintzen lanean; ez nintzen medikua, baina sanitario ikastaro batzuk egin nituen, eta mendialdeko guneetan egon nintzen. Garai horretan ez zegoen medikurik eremu horietan, eta Fronteak osasun zerbitzua antolatu zuen; batzuetan gerrilleroak etortzen ziren zaurituta, eta beste batzuetan herritarrak. Ordutik erlazio estua izan dut El Salvadorrekin; lagun asko ditut hemen.

Orain beste proiektu bati esker zaude El Salvadorren. Nolakoa da proiektua, zeintzuk ditu helburuak?

Gobernu berria osasungintza berritzen ari da egun. El Salvadorreko ospitaleetan osasun mentalaren esparrua nahiko ahaztuta egon da beti, eta Gobernuak, Osalde Osasun Eskubidearen Aldeko Elkartearekin elkarlanean, osasun arlo hori hobetzeko proiektua abiatu du. Ni egitasmo hori koordinatzen ari naiz hemen, hain zuzen. Besteak beste, ospitale psikiatrikoa berritu nahi dugu. Horretarako, hemengo zenbait mediku Euskal Herriko ospitaleetara joango da, nola lan egiten den ikustera eta trebatzera, eta buruko osasunean aditu den hainbat sendagile euskaldun hona etorriko da denboraldi batez, osasun mentalaren arloan egingo den erreforma garatzen laguntzera.

Euriteak medio izan den hondamendiak herrialdearen garapena oztopatuko duela uste al duzu?

FMNLk (Nazio Askapenerako Farabundo Marti Frontea) 2009an herrialdeko agintea lortu zuenetik, Mauricio Funes presidente dela, gobernua herritarren ongizatea bermatzeko hainbat erreforma aurrera ematen ari da. El Salvadorreko Gobernuak aditzera eman duenez, 1.500 milioi dolar beharko ditu suntsitu dena konpondu eta berriz eraikitzeko. Beraz, orain erreforma horiek egitera bideratuta zegoen aurrekontua berrantolatu egin beharko da; hondatu diren zubiak, errepideak, kaleak, putzuak, etxeak eta ospitaleak konpontzeko, besteak beste. El Salvador herri pobrea da, eta hondamendi natural asko izan ditu. Egoera horretan herrialdea aurrera ateratzea asko kostatzen da. Ideia oso onak ditu gobernuak, baina dirurik ez du horiek denak aurrera eramateko.

El Salvadorren urte askotan bizi izan zinen, eta orain itzuli egin zara. Herritarren bizi baldintzei dagokionean aldaketarik antzeman al duzu?

Aldaketak egon dira, eta gobernu berriaren erreformekin hobekuntzak nabari dira. Ez, ordea, El Salvadorreko Gobernuak eta herritarrek nahiko luketen adinakoak. Osasungintzan, esaterako, erreformarekin lehen ez bezala medikuak herrixka guztietara iristen dira, eta kontsultak lehen ordaindu egin behar zituzten, eta egun doan dituzte. Horretaz gain, hezkuntzari dagokionean, eskola berri asko egin dira, eta orain ikasleei uniformeak, zapatak eta liburuak doan ematen dizkie gobernuak, baita egunero jatordu bat ere. Bestetik, azpiegiturak hobetu dira, eta egun lehen baino errepide eta komunikabide hobeagoak daude. Dena dela, urrats asko daude emateke oraindik. Urte askotan zapalketa handia izan da El Salvadorren, eta garai horietako lege eta neurri asko oraindik indarrean daude. Frontearen gobernua horiek aldatzen ari da pixkanaka, baina agintean badago ere, ez du gehiengo absolutua, eta askotan oztopoak jartzen dizkiote gainontzeko alderdiek legeak aldatzerakoan. Hala ere, bide onetik doala uste dut.