Loiola eta Txalintxo artean egingo dute udazkeneko eta mendiko argazki rallya

Urola Kostako Hitza 2011ko aza. 3a, 16:11

Igandean izango da, azaroaren 6an

Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak elkarlanean antolatu dute aurten ere ekimena

Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak elkarlanean antolatuta, Udazkeneko XXII. eta Mendiko XVI. Argazki Rallya izango da igandean, azaroak 6. Rallyan parte hartzeko izena igandean bertan eman behar da, 09:00etatik 09:30era, argazki elkartearen egoitzan; Perez Arregi plazan, alegia (garai bateko Telefonicaren eraikineko lehen pisuan). Parte hartzeko argazkizale helduek 5 euro ordaindu beharko dute; 16 urtetik beherakoek, berriz, doan hartuko dute parte.

Bi ordu eta erdiko ibilaldia

Loiolaren inguruan egingo dute udazkeneko argazki rallya aurten. Loiola-Sistiaga-Txalintxo-Loiola izango da rallyaren ibilbidea; antolatzaileen arabera, bi ordu eta erdikoa. Ibilbidearen erdialdean hamaiketakoa egingo dute parte-hartzaileek, eta Rallya 13:30ean bukatuko da, Loiolako Loiolatxo elkartean, ateratako argazkiak deskargatuz. Ondoren, Kiruri jatetxean bazkaria antolatu dute, nahi dutenentzako. Bazkarirako izena rallyrako izena ematerakoan eman behar da.

Ibilbidean zehar landu beharreko gaiak igandean jakinaraziko dituzte antolatzaileek, eta gai guztiak lantzeko 50 argazki aterako dituzte argazkilariek, segidan.

Sariak bi mailatan

Rallyaren bukaeran, behin argazkiak deskargatuta, partaideek euren argazkiak etxean aukeratuko dituzte. Argazkiak Azpeitiko Argazki Elkartera hilaren 13rako bidali beharko dituzte. Sariak azaroaren 26an, 18:30ean, banatuko dituzte, Lagun Onak Mendi Bazkunaren egoitzan, Elizkalean.

Sariak, ohi bezala, bi mailatan banatuko dituzte: helduenean eta 16 urtetik beherakoetan. Helduetan aurrenekoen artean hiru sari banatuko dituzte, eta herriko lehen sailkatuari eta argazki onenaren egileari ere sariak emango dizkiete. Gaztetxoen mailan, aurreneko hiru sailkatuei emango dizkiete sariak.