Igandean Azpeitian jokatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetako azken saioa

Uztarria.eus 2011ko aza. 2a, 12:11
Ezkerretik eskubira, Iker Zubeldia, Jokin Uranga, Arkaitz Oiartzabal 'Xamoa', Iñaki Apalategi, Ane Labaka eta Unai Muñoa bertsolariak.

.17:30ean hasiko da saioa, Izarraitz pilotalekuan

Saiorako sarrerak www.gpuntua.com webgunean erosi daitezke dagoeneko

Datorren igandean, azaroak 6, 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bosgarren eta azken final-laurdenetako saioa jokatuko da Azpeitian. Izarraitz pilotalekuan izango da kanporaketa, 17:30ean hasita.

Saioa antolatzeko Azpeitiko Udalaren eta Erniarraitz Bertsozale Elkartearen laguntza izan du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak.

Jokin Uranga, Iker Zubeldia, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Iñaki Apalategi, Ane Labaka eta Unai Muñoa igoko dira oholtzara. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Iker Iriarte ariko da.

Saiorako sarrerak www.gpuntua.com webgunean erosi daitezke dagoeneko. Ostiralean, hilak 4, 12:00etan bukatuko da sarrerak aurrez erosteko epea.

18 bertsolari finalerdietara

Igandean, Azpeitiko saioa bukatzen denean, txapelketako finalerdietara zein 18 bertsolari sailkatu diren jakingo da. Beñat Lizaso sailkatuta dago jada, Oñatiko kanporaketan hirugarren eginda .