Corrugados Azpeitiako 130 langile kaleratzea aurreikusi du enpresak

Urola Kostako Hitza 2011ko urr. 31a, 14:10
Corrugados Azpeitiko langileek manifestazioa egin dute eguerdian, Landetako lantegitik plazaraino. (XABIER OTAMENDI)

Zuzendaritzako hiru enpresatik kanpo gelditu dira, eta laster Iraungitze Txostena aurkeztuko du enpresak

Corrugados Azpeitiako lantegitik 130 langile kaleratzea aurreikusi du enpresak datozen hilabeteetan. Zuzendaritzako hiru kide ere kalean daude pasa den astetik, baina ez dute jakitera eman kaleratuak izan diren ala ez. Enpresak oraindik idatziz ez die ezer jakinarazi langileei, baina Iraungitze Txostena aurkeztuko du laster enpresak. Kaleratzeak bideratzen ditu txosten horrek, eta behin aurkeztuta, hilabete izango dute langileek eta zuzendaritzako kideek negoziatzeko. Akordiorik lortzen ez baldin bada, hamabost eguneko epean Eusko Jaurlaritzako Lan Delegazioak erabakiko du onartu ala ez. Urte bukaerarako, beraz, ondorioak ikusiko dira seguruenik.

ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek garbi esan dute ez dituztela kaleratzeak onartzen, eta beharrezkoa ikusten dute datozen urteetarako bideragarritasun plan bat martxan jartzea, "horrela jarraitzea ezinezkoa delako". Momentuan, enpresa lortzen ari den zenbakiekin ez dela bideragarria garbi daukate, eta orain arte bezala jarraitzen baldin bada, lanean segiko duten langileen egoera "zalantzazkoa" izango dela jakinarazi dute; "enpresa ixtera iritsi litekeelako". "Bideragarritasun plan bat eskatzen dugu, baina ez 2012rako edo hurrengo urterako, epe luzeago baterako baizik: bestela, urtero ezinegon honekin egon beharko baitugu". Antzeko egoeren aurrean gainontzeko enpresetan bideragarritasun plan bat sortzen dela jakinarazi dute; "eskandalugarria da, horrelako egoera bat dagoen bakoitzean bideragarritasun plan batek egon beharra dauka. Hemen gertatu diren guztiekin, eta oraindik ez digute horrelako ezer eman".