'Eta amama?' laburmetraia Sevillako IV. Europar zinema sarietarako aukeratu dute

Uztarria.eus 2011ko urr. 26a, 13:10

Azaroaren 8an, asteartea, aukeratuko ditu epai-mahaiak film irabazleak

Dagoeneko lau sari jaso ditu 'Eta amama?'-k

Eta amama? film laburra Sevillan egingo den IV. Europar Zinemaren sarietarako aukeratu dute. Azaroaren 8an, asteartea, aukeratuko ditu film onenak epai-mahaiak. Fase hori gaindituz gero, ostiralean (hilak 11) sari-banaketa egingo dute Sevillako Nervion Plaza aretoan. Alex Silva laburreko egileak Uztarriari esan dionez, "epai-mahaiak saria emango baligu, astearterako jakingo genuke, eta hori hala balitz, ostiralean saria jasotzera filmean lanean aritu garen taldeko norbait joango litzateke".

Lau sari jasota

Eta amama? film laburrak Euskal Herri mailako lau sari jaso ditu dagoeneko: Huhezinema jaialdian ikusleen saria, Begibitan 2011n ikusleen saria, Beasain 2011n epaimahaiaren hirugarren saria eta ikusleen saria.

Bestalde, Pasaiako XI. Laburmetrai jardunaldietarako eta Lekeitioko XXXIV. Bideo eta Zine bilerarako ere txartela lortu du 'Eta Amama?'-k.

Hala eta guztiz, eta Alex Silva laburraren gidoiaren egileak esan duenez, "dena ez da arrosa kolorekoa": "Baiezkoak jaso baditugu ere, ezezkoak ere izan dira. Esaterako, Zinebi jaialdian". Silvak gaineratu duenez, "beste aukera asko daude oraindik ere, eta laburmetraia urtebetez lehiaketa lehiaketa izango da".

Nazioarteko jaialdiei dagokienean, "gauzak zailagoak" direla adierazi du Silvak. Euskara hutsean ekoitzitako filma da-eta Eta amama?.