Argazki lehiaketa, askatasuna gai hartuta

Uztarria.eus 2011ko urr. 25a, 12:10
Lehiaketa aurkezteko prentsaurrekoa egin zuten.

Euskal preso politikoen egoera salatzeko lehiaketa antolatu dute Egin dezagun bidea ekimeneko kideek

Edonork hartu dezake parte lehiaketan, baina oinarri batzuk hartu beharko dituzte aintzat

Azpeitiko Egin dezagun bidea ekimeneko kideek, argazki lehiaketa antolatu dute. "Bizi dugun testuinguru politikoan, ezinbestekoa ikusten dugu euskal preso politikoek espetxeetan duten egoera tamalgarriaren aurrean horrelako lehiaketak eta ekimenak herrian sustatzea". Hori dela-eta, argazki lehiaketako gaia askatasuna izango da.

Edonork hartu dezake parte lehiaketan. Hori bai, oinarri batzuk hartu beharko dituzte aintzat parte-hartzaile guztiek. Esaterako, parte hartzaile bakoitzak, gehienez, bost argazki aurkeztu ditzake. Argazkiak JPG formatuan eta ahal den kalitate onenean ateratakoak izan beharko dute. Argazki bakoitzean izena, parte hartzailearen izena eta zenbakia adierazi beharko da. Hona adibidea: Juan_Karlos_Arruti_1.jpg. Argazkiak azaroaren 20a baino lehen bidali beharko dira egindezagunbideazpeitia@gmail.com helbidera. Bestela, Azpeitiko Sanagustin kulturguneko tabernan ere jasoko dituzte CDetan. Partaide bakoitzak izen abizenak, helbidea, eposta eta telefonoa zehaztu beharko du bai CDan eta baita e-postara bidalitako mezuan ere.

Irabazleak bi lagunentzako landetxe batean asteburu pasa eskuratuko du. Bigarren egin duenak, berriz, bi lagunentzako afaria irabaziko du, eta hirugarren egiten duenari txerrikume bat eta bi ardo botila oparituko dizkiote. Gainera, partaide guztien artean Gabonetako otarra zozkatuko dute.

Irabazleen izenak abenduaren 24an plazan egiten den elkarretaratze ekitaldian jakinaraziko dituztela adierazi dute antolatzaileek. Ondoren, aurkeztutako argazkien artean 30 onenak aukeratu, eta erakusgai jarriko dituzte Sanagustin kulturgunean. Adituz osatutako epaimahaiak aukeratuko ditu 30 irudiak.

Argazkiak antolatzaileen esku geldituko dira eta, horiek nahieran erabili ahal izango dituzte.