Azcue y Cia-k Laster erosi du, bulego altzarien Eibarko enpresa

Urola Kostako Hitza 2011ko urr. 21a, 13:10
Jon Uriguen Industriako diputatua izan zen atzo Azcue y Cia enpresan, Azpeitiko Udaleko ordezkariekin. (NEREA URANGA)

Enpresa erosita, aliantzekin eta langileek sortutako sozietatea tarteko, 2012an galerak gainditzea dute helburu

Gaur egun 120 langile ditu Azcue y Ciak; krisi ekonomikoa hasi zenean orain bi urte, berriz, 180 langile inguru zituen

Orain dela hiru urte abiatutako egitasmoaren azken fasea bukatu du Azcue y Cia Azpeitiko enpresak: Eibarko Laster bulego altzarien enpresa erosi du; beharginek Azkueko Langileak SL sortu dute; eta, bainugelako eta sukaldeko altzariak egiten dituzten bi enpresarekin aliantzak egin ditu.

Egoera ekonomikoari, krisiari, aurre egiteko asmoarekin egin zuten proiektua, hala dio Jon Arratibel Azcue y Cia-ko kudeatzaileak: "Orain dela hiru urte uste genuen, aurtengorako lehengo egoerara itzuliko ginela. Baina, iaz ikusi genuen aurretik genuen produkzio mailara iristea oso zaila zela". Kontuak horrela, beste enpresa batzuekin "aliantzak edo fusioak" egitea aztertzen hasi zen Azcue y Cia-ko zuzendaritza. Orduan, bulegoko, bainugelako eta sukaldeko hainbat enpresa aztertzen hasi zen.

Joan den uztailaren 29an Eibarko Laster enpresa erosi zuen. Dagoeneko enpresa guztia Azpeitira ekarri dute eta baita hango langileak ere. Hamabost langile etorri dira Azcue y Cia-ra.

Langileak sozietatea sortuta

Horrez gainera, enpresako langileek Azkueko Langileak SL sortu eta enpresaren Administrazio Kontseiluko kide dira. Enpresako kapitalaren %10 du langileen sozietateak. "Garrantzitsua da langileak Administrazio Kontseiluan izatea, eta, horrez gainera, Eusko Jaurlaritzak ere Spri bidez kapitala jarri du; hala, Jaurlaritzak kapitalaren beste %10 du".

Laster erosita, langileak eta Eusko Jaurlaritza Administrazio Kontseiluan sartuta, eta beste bi enpresekin fusionatuta, "egiturari dagokionean aurrera egin eta enpresa sendotzea" da helburua.

Helburu hoiek kontuan, merkatu berrietara jo du enpresak. Europan Frantzian, Belgikan, Alemanian, Errusian eta Erresuma Batuan ari da Azcue y Cia. Baina, Hego Amerikako merkatua zabaldu nahian hainbat bidaia egin dute azkenaldian, "Txile, Peru, Mexiko eta Kolonbian akordio batzuk lotu ditugu. Orain bi aste, Limako azoka batean izan ginen eta han etxebizitza eta bulegorako egitasmoak egiten dituzten enpresekin hartuemanak lotu ditugu", dio enpresaren kudeatzaileak. Asiari dagokionean, Txinan dute jomuga jarrita, batik bat. Han lanean ari den enpresari kataluniar batekin eta beste enpresa batekin bertako merkatua garatzeko sozietate bat egin dute.

Azkenengo hiru urtetan galerak izan dituztela aitortu du Arratibelek, eta aurten ere hala izango dela dio. Baina, egitasmo berria bukatu eta helburuak martxan jarrita 2012an orainarteko galerak gainditzea espero dute.

Gaur egun 120 langile ditu Azcue y Ciak. Krisi ekonomikoa hasi zenean orain bi urte, berriz, 180 langile inguru zituen.