Arduraz jokatzeko garaia da

Aitor Arrizabalaga eta Ilazki Lili (Gernikako Akordioko sinatzaileen izenean) 2011ko urr. 21a, 13:10

Gernikako Akordioko sinatzaile azpeitiarrek idatzia kaleratu dute atzo (osteguna) ETAk ateratako komunikatuaren harira. Larunbatean Bilbon egingo den mobilizaziora joateko dei egin diete herritarrei.

Adierazpen historikoa kaleratu zuen atzokoan ETA erakundeak. Aste honetan Donostian buruturiko Nazioarteko Bake Konferentziaren ebazpenekin bat egin eta behin betiko bere jarduera armatuarekin bukatzeko erabakia iragartzean.

Aro berri bat irekitzen da aurrerantzean Euskal Herrian. Eskubide demokratiko eta giza eskubide ororen errespetuan oinarritutako ibilbide luzea. Urrats garrantzitsua izan zen atzokoa, baina oraindik asko dugu egiteko.

Gatazkaren ondorioak konpontzeko elkarrizketa ETA eta estatuei dagokien bezala, Euskal Herriko eragile, sindikatu, alderdi eta jendarteari orokorrean, akordio politiko batetarako oinarriak jartzea dagokigu. Adostasunari ateak ireki, prozesu demokratikoan sakonduz, elkarlanak izan behar du herri dinamika erraldoi horren zutabea.

Hor datza gure egitekoak. Gernikako Akordioaren sinatzaileok horretarako borondatea dugu. Azpeitian ere hori da gure egitasmoa. Denon beharra dago ibilbide berri honetan. Akordioaren baitan gauden eragile, zein ez daudenena.

Hori da aurreko astearteko prentsaurrekoan esan nahi izan genuena. Herritar guztiei dei egin nahi diegu, eta bereziki oraindik Akordiotik kanpo dauden alderdiak ibilbide itxaropentsu honetara gonbidatu nahi ditugu. Batzeko garaia da, ez polemika antzuetan aritzekoa. Tristuraz hartu dugu aurreko egunetan zenbait alderdiren jarrera. Erantzunkizun politikoz aritzeko garaia da, ez leiha elektoralean etekina ateratzeko ekinbide hau zango-trabatzekoa.

Ireki dieziogun beraz konponbideari atea, herritarrok dugu honetarako giltza. Bihar dugu lehen hitzordua Bilboko kaleetan.