"Azoka era berri bat dator"

Urola Kostako Hitza 2011ko urr. 20a, 18:10

Eskualdeko hainbat baserritarrek Internet bidez ere eskainiko ditu produktuak aurrerantzean

Lehen sektoreko ekoizleak elkartuta osatu dute Baserritik.com zerbitzua, herritarrek erosketak etxetik egiteko

"Azokara joaten ez den jendeak du bere esku baserri mundua aurrera ateratzea", dio argi Xabier Artola ekoizle azkoitiarrak. Izan ere, orain azoka etxeraino ekarri dute eskualdeko baserritarrek. "Azoka era berri bat dator", dio Baserritik.com proiektua azaltzerakoan ekimenaren kudeatzaileak. Azokara joan beharrean, erosketak Internet bidez egin, eta eskatutakoa etxeraino bidaliko dute zerbitzu berriari esker. Erosleei erosotasuna eskaintzearekin batera, baserritarren beharrak asetzea da helburua, "gaur egun baserritarra bere ekoizpena saldu ezinik" dabilelako. "Baserriek aurrera egitea euren esku dagoela ulertu behar du kaleko jendeak; ez baserritarren esku bakarrik. Administrazioari ez zaio beti errua bota behar, ez zaizkio ardura guztiak eskatu behar. Guk jarri dugu erreminta bat, eta herritar orok du aukera naturari eusteko; baserriei eusteko eratako bat da", dio Artolak.

Kilometroen egunean eman zuten proiektuaren lehen pista Azpeitian. Ibilbidearen erdian postua jarri, eta hainbat informazio banatu zuten azoka birtualaren sortzaileek. Eskualdeko baserritarrak daude ekimenaren oinarrian, eta Urkomeren (Urola Kostako landa garapenaren alde lan egiten duen elkartea) diru-laguntza jaso dute Interneteko plataforma sortu ahal izateko. Oraindik azken aldaketa batzuk egiten ari dira, webgunea ahalik eta hobekien prestatzeko, baina datorren astetik aurrera prest izango da zerbitzua; www.urolakostaonline.com nahiz www.baserritik.com webguneetan sartuta egin ahalko dira erosketak.

Barazkiak ez ezik, lehen sektoreak ekoizten dituen beste hainbat produktu erosteko aukera izango da Baserritik.com sarean: okela, fruta, esnekiak, ogia eta gozokiak, kontserbak... Bertan Urola Kostako erosleek izango dute lehentasuna; izan ere, 30 eurotik gorako eskaeretan garraioa doakoa izango da bertako biztanleentzat.

Aukera bakarra, elkar-hartzea

Baserritarren asmoa "beste salmenta era bat" lortzea da, eta elkartuta aurkitu dute bide horretatik aurrera egiteko modua. Artola izan zen proiektuaren sustatzailea, urte hasieran: "Beharra ikusten zen; guztia on line jartzen ari dira denak". Baina baserritarrek arazo bat bazuten aldaketa horri heltzeko garaian. Izan ere, bideragaitza da bakoitzak bere webgunea sortuta, Internet bidezko salerosketarekin aurrera egitea. Urkomeko kudeatzaile Yurre Peñagarikanok ondo daki hori: "On line salmentarako webgune bat prestatzeak kostuak ditu; plataforma hori edukitzea bera kostu handia da, eta guk bagenekien ekoizle bakoitza hori egiten hastea ezinezkoa zela. Sektoreka hasita ere, baratzagintzakoak alde batetik, frutagintzakoak bestetik, eta, hala, herritarrei ez litzaieke zerbitzu osatua emango. Eta, erosketak egiteko garaian, jendeak toki berean erosi nahi izaten du guztia".

Garraioaren arazoa ere hor zegoen, gainera, Artolak azaldu duenez: "Beizamako baserritar bati gazta bat eskatzen badio erosleak, bietako batek mugitu egin beharko du, erosleak Beizamara edo ekoizleak bezeroaren etxera. Horrek enbarazua eta gastuak eragiten ditu. Garraio zerbitzuak produktu osoa garestitzen du. Hortaz, produktuak azokan duten prezioan edo merkeago uztea erabaki dugu, eta garraioa baserritar guztion artean ordaintzea".

Ekoizle kopurua, aldakorra

Baserritarrek oso gustura hartu dute ekimena, Artolak eta Peñagarikanok jakinarazi dutenez. Artolaren iritziz "beharrezkotzat" jotzen zuten halako ekimen bat, "eta entzun orduko esan zuten ziur zirela hau aurrera aterako dela". Kontuak kontu, proiektuan parte hartzen ari den ekoizle kopurua mugatua da, eta aldatuz joango bada ere, hori erosleen kopuruak eta erosketen kantitateak baldintzatuko du: "Proiektuan parte hartzeko ekoizle gehiago ere badago, baina ez dugu nahi arlo bakoitzetik ekoizle mordoa jartzea, oraindik salmenta oso aurreratuta ez badago. Jendeak erosteko modu hau gustuko badu, eta hortik erosten ari dela ikusten badugu, orduan sartuko ditugu ekoizle gehiago; saldu ahala, produktu gehiago beharko delako". Produktu bakoitzetik "hiruzpalau aukera" jarri nahi dute; bakoitza ekoizle batena izango da, eta nork bere prezioa jarriko dio: "Erosleentzat eta ekoizleentzat, bi aldeentzat erosoa izango den proiektua lortu nahi dugu".

Proiektuak "atzetik lan handia" duela dio Artolak, eta ekimena zabaltzeko administrazioaren laguntza beharrezkoa ikusten du: "Baserritar hauek guztiak elkartzea eta denak batera kudeatzea lan handia da; erantzukizun handia dago atzetik". Urola Kosta eskualdean lortutako laguntzekin moldatzeko moduan dira oraingoz, baina ekimena beste eskualde batzuetara zabaldu nahi izanez gero, administrazioek esku hartu beharko dutela irizten dio. Eurak egiten jarraitu beharreko lanari dagokionez, ordea, azkoitiarrak argi ditu lehentasunak: webgunea ezagutaraztea eta egindako eskaerak ondo kudeatzea da garrantzitsuena.

Guztiak behar bezala funtzionatzeko, Peñagarikanok adierazi du webgunean buru-belarri lanean ari den pertsona bat duela Urkomek gaur-gaurkoz. Horretaz gain, arduradunak prest daude dakitena irakasteko baserritarrei, baita laguntzeko ere; gainera, "baratzean fina denari eta ikasteko gogoa duenari" ez diote askoz gehiago eskatuko. "Ordenagailua pizten eta posta irakurtzen jakitea baino ez dugu eskatzen", azaldu du Artolak.

Biltegia, Azpeitian

Banaketa astean bitan egingo dute etxeetara, astearte eta ostiraletan, eta produktu guztiak elkartzeko tokia ere badute. Izan ere, Azpeitiko Udalak biltegi bat utzi die baserritarrei. Haien beharretara moldatutako hozkailua dute bertan. "Beharrezko osasun erregistroak, eta gainerako baldintza guztiak betetzen ditu", eta hor bilduko dituzte baserritarrek produktuak. Ekoizleek banaketaren bezperan, gauean, edo egunean bertan eramango dituzte produktuak biltegira. Han, bezero bakoitzak eskatutakoaren arabera otarrak edo kaxak osatuko dituzte, eta garraiolari batek egingo du banaketa etxez etxe. Erosketa egiterakoan aukeratu ahalko da bidalketa goizez ala arratsaldez egin, eta 30 eurotik gorako eskaera egin dutenei ez diete garraio zerbitzurik kobratuko, beti ere eskualde barruan.

Sistema honekin denak garaile ateratzen dira, Artolaren ustetan: "Zer irabazten da horrela? Erosleek, produktua azokako prezioan edo merkeago, etxean jasotzea. Eta baserritarrek, zuzeneko salmenta egiten dutenez, garraio gastuei dagokien ehunekoa izan ezik, irabaziak haientzat izango dira; ez dago banatzaile handi bat, ez dago saltoki handi bat".

Zenbait jaki, urrutiagotik

Ekoizle gehienak eskualdekoak izango badira ere, erosleei ahalik eta azoka osatuena eskaini nahi zaie, eta, horregatik, hemen ekoizten ez den zenbait produktu beste eskualde batzuetatik ekarriko dute. Gipuzkoatik kanpora ere egin dute salto arduradunek, produktu bila. Hala, Goierritik esnekiak ekarri dituzte, Tolosaldetik babarrunak, eta Nafarroatik, berriz, gatza, olioa eta halakoak. Gainerakoan, Azkoititik Oriora arteko baserri eta larreetan hazitakoa egongo da aukeran: barazkiak, fruta, okela, arrain eta barazki kontserbak, ogia eta gozokiak...

Artolak berak arkume ekologikoak ekoizten dituen arren, Baserritik.com-eko ekoizpenek ez dute zertan ekologikoak izan behar. "Eskatzen dena da bertako produktuak ekoizten dituen ekoizlea izatea, eta ahalik era naturalenean egitea lan. Gaur ere, azokara joaten bagara, labeldun produktuak, euskal baserri etiketa dutenak, etiketa gabeak, ekologiko etiketa dutenak aurkituko ditugu", dio. Bermea ematen duten etiketen harira, baserritar askok beste era batera pentsatzen duela dio: "Baserritar askok esango dizute bere bermea ekoizlea bera izatea dela, eta nahi denean joateko ikustera nola ekoizten duen, hainbeste burokrazia eta paper gabe. Labeldunak, ekologikoak eta bestelakoak, horiek guztiak izaten ditugu azokan, eta guk azokako jende hori guztia on line jarri dugu".

Urola Kostatik, Gipuzkoara?

Baserritik.com zerbitzua eskualdean sortu da, eta bereziki eskualdeko ekoizle eta herritarrei zuzenduta dago; baina ez haiei bakarrik. Hemengoentzat baldintza hobeak izan arren, "guk aukera hori eskaini nahi diogu eskualdetik kanpoko ekoizle eta herritarrei ere; Gipuzkoa mailan zabaldu nahi dugu", dio Artolak. Produktu batzuen bila beste eskualde batzuetara atera, eta jaso dute eskaera bat baino gehiago: "Hango ekoizleek esan izan digute, ea zergatik egin dugun eskualde mailan, eta ez Gipuzkoa osoan, edo Donostialdean. Baina hau proiektu pilotua da: hemen ikusiko dugu zein hanka-sartze egiten dugun. Eta proiektua ondo definituta dagoenean, eta administrazioari gustatzen bazaio, laguntza eskatuko dugu, beste eskualdeetara zabaltzeko". Bere ustez proiektu hau kudeatzea nahikoa lan da eskualdekoentzat, eta, beraz, "administrazioak ez badigu laguntzen, beste eskualdeetako ekoizleek gabezia hori izango dute".

Dena den, argi du ez arazoa, ez konponbidea, ez direla eskualde mailakoak: "Ez gara Urola Kostako baserritarrez hitz egiten ari, sektore batetaz ari gara, eta konponbidea eman nahi zaio. Erreminta bat eman nahi zaio produktuak kaleratu ahal izateko, eta horretarako aukera handia dagoen arren, laguntza behar dugu. Hau ondo ateratzen bada, arnas handia izango da baserritarrentzat".

Proiektu orokor baten barruan

Baserritik.com bere horretan proiektu osoa den arren, eskualde mailako ekimen orokorrago baten barruan kokatuta dago. Urolakostaonline.com proiektuaren barruan, hain zuzen ere. Urkomek bultzatutako webgune sortuberriak eskualdeko 11 herriei buruzko informazioa biltzen du, eta hiru atal nagusi ditu: Turismoa, kanpoko jendeari begirakoa; Zerbitzuak, bertako jendeari begira; eta, hirugarrena, produktuen salerosketa atala edo Azoka birtuala, eskualdekoei nahiz hemendik kanpoko herritarrei begira. Azken honetan hainbat informazio eskura daiteke: eros daitezkeen produktuak ikusteaz gain, ekoizleei buruzko informazioa ere ageri da: nongoak diren eta nola ekoizten duten, besteak beste.