Zapatuan Bilbon Euskal Herriaren konponbidearen alde egingo den manifestaziorako deia egin du hainbat herritarrek

Uztarria.eus 2011ko urr. 19a, 14:10
Atzo, asteartea, hainbat herritarrek manifestaziora joateko deia egiteko agerraldia egin zuten, plazan.

.17:30ean abiatuko da manifestazioa, Euskal Herriak konponbidea nahi du lelopean, Casillatik

Azpeititik autobusa joango da Bilbora, eta izena eman daiteke dagoeneko

Gernikako Akordioaren sinatzaileek manfiestazioa deitu dute datorren zapaturako, urriaren 22rako. Bilbon izango da 17:30ean, Euskal Herriak konponbidea nahi du lelopean, eta Casillatik abiatuko da.

Atzo, asteartea, hainbat herritarrek manifestaziora joateko deia egin zuten plazan. Agerraldian adierazi zutenez, "Euskal herritarren gehiengo zabalak konponbidea nahi dugu, normalizazio politikoa eta giza eskubide guztiekiko begirunea nahi dugulako". Horretaz gain, "Euskal Herriak aspalditik ezagutu ez duen bake egoera iraunkorra nahi dugu, baina bakea eta normalizazio politikoak duten garrantzia ikusirik ezin dugu ardura hori inoren esku utzi", adierazi zuten bertaratutakoek.

Konponbide prozesuan "herritarrek parte hartu behar" dutela ere esan zuten: "Guk, euskal herritarrok, prozesua babestu eta bultzatu behar dugu. Euskal Herrira ekarri nahi dugun bakea eta normalizazio politikoa egiazkoiak eta edukiz beteak izan behar dute".

Hori dela-eta, Gernikako Akordioa izenpetu zuten eragile politiko sindikal eta sozialek nahi duten konponbideak "integrala", "galtzailerik gabekoa" eta "elkarrizketatua" izan behar duela adierazi zuten. Ibilbide horretan, "preso politikoen egoera hobetzea", "aukera politiko guztiez legeztatzea", "erasoen desaktibazioa" eta "biktima guztien errekonozimendua" mugarriak izango direla jakinarazi zuten. Herengun Donostian nazioarteko zein Euskal Herriko eragile desberdinek egindako ebazpena "garrantzitsua" izan zela gaineratu zuten.

Horregatik guztiagatik, "ateak zabaltzeko, zapatuan Bilboko manifestazioan biltzeko eta herritarrak konponbidearen giltza" izateko deia egin zuten.

Autobuserako izena

Jada eman daiteke autobuserako izena ohiko tokietan. Zapatuan 16:00etan irtengo du anbulatorio aurretik autobusak.