Nagore Aranburuk 'Albaitari' film laburra grabatu du

Uztarria.eus 2011ko urr. 19a, 12:10

Naniano donostiako ekoiztetxeak ekoitzi duen lehenengo filmea da Albaitari, eta bertan genero indarkeriaren gaia jorratzen da

Aranburuk Greta pertsonaia nagusiaren papera jorratu du filmean, eta grabaketak "oso ondo" joan direla adierazi dio Uztarriari

Nagore Aranburu (Azpeitia, 1976) aktoreak Albaitari film laburraren grabazioak bukatu berri ditu. Naniano donostiako ekoiztetxeak ekoitzi duen lehenengo filmea da Albaitari, eta bertan genero indarkeriaren gaia jorratzen da. Aranburuk Uztarriari esan dionez, "zuzendariak bere ikuspegia erakusten du filmean, eta ez da gizartearen isla, fikzioa delako, gaiaren inguruko hausnarketa baizik".

Aranburuk Greta pertsonaia nagusiaren papera jorratu du filmean, eta grabaketak "oso ondo" joan direla adierazi du: "Grabaketa ondo joan da. Hiru egun pasatu ditugu grabatzen Arkikutzan. Gainera, filmea udan kokatzen da eta oraintsu grabatu dugunez, hotza pasatu dugu". Aranburuk jakinarazi duenez, "Greta tratu txarrak jasotzen dituen emakume bat" da eta "bikote batek bizi duen momentu bat erakusten du filmak". Bestalde, Anartz Zuazua, Karlos Zabala eta Telmo Tola aktoreek ere hartu dute parte grabaketan.

Donostiako Zinemaldian estreinatu zen Urte berri on, amona! eta han ere aktore lanak egin zituen Nagore Aranburuk. Bere esanetan, "kasualitatea da iaz Urte berri on, amona! eta gero, Albaitari grabatzea": "Aktoreak nahiko geldirik gaude orain; ez dago dirurik ez telebistan eta ez antzerkian".

Uztarriari aurreratu dionez, bakarrizketa saio bat darabilki esku artean Aranburuk. Egoitz Lasa eta Mikel Pagadirekin batera prestatu du saioa, eta azaroaren 11n estreinatuko dute Azpeitian. Etorkizunaz galdetuta, berriz, "gauzak dauden bezala, uste dut denboraldi batean ez naizela prentsan agertuko" esan du azpeitiar aktoreak.