Gorka Karapeto: "Ez dut gehiago parte hartuko Euskadiko Txapelketan"

Uztarria.eus 2011ko urr. 17a, 13:10
Gorka Karapeto Euskal Herriko Kirol Eskaladako Txapelketan 2009an, Durangon. (Urola Kostako Hitza)

Zapatuan, Kirol Eskaladako Euskadiko Txapelketa irabazi zuen bosgarren aldiz Karapetok, Gasteizen

Eneko Cantero 18 urtez azpikoen mailan laugarrena izan zen

Joan den zapatuan, hilak 17, Gorka Karapeto azpeitiar eskalatzaileak Kirol Eskaladako Euskadiko Txapelketa irabazi zuen Gasteizen, gizonezkoetan eta senior mailan. Irabazteak "poz handia" eman ziola adierazi dio Karapetok Uztarriari: "Neure buruarekin gustura gelditu nintzen emaitzarekin, irabazteak beti ematen du-eta poza. Egun ederra izan zen, gainera".

Euskadiko Txapelketa bosgarren aldiz irabazi zuen zapatuan Karapetok. Iaz bigarren postuan sailkatu bazen ere, aurreko lau urteetan txapela irabazi zuen-eta. Eskalatzaile azpeitiarrak esan duenez, "edozer pasa zitekeen, baina espero, espero nuen irabaztea. Nahiz eta, bigarren sailkatu zena, Mikel Ziarrusta, oso fuerte zegoen".

Karapetok Kirol Eskaldako Euskadiko Txapelketara gehiago ez joatea erabaki du: "Askotan hartu dut parte Euskadi mailako txapelketetan, bost txapel irabazi ditut, eta egin dut neurea. Ja ez nau asko motibatzen. Horregatik izan zen azkena zapatukoa".

Norbegiako txapelketan hirugarren

Joan den abuztuan, III. Norvegian Rock Master txapelketan izan zen Karapeto, eta hirugarren sailkatu zen azpeitiar eskalatzailea. Norbegiako Arendalen izan zen txapelketa eta Karapetok "asteburukoaren antzekoa" izan zela esan du.

Sokarik gabe eta ur gainean jokatu zuten txapelketa, eta azpeitiarraren esanetan, "modalitate modernoa" da hori. Gainera, gonbidatutako jendea lehiatu zen txapelketan, eta "gustura ibili" zela eta "ederra" izan zela adierazi du Karapetok.

Eneko Cantero laugarren

Zapatuan, Kirol Eskaladako Euskadiko Txapelketan, ez zen azpeitiar parte-hartzaile bakarra Karapeto izan. Eneko Cantero ere han izan zen, eta postu onean sailkatu zen, gainera. Laugarren egin zuen 18 urtez azpikoen mailan.

Eskalatzaile gazteak 17 urte ditu, eta parte hartzen zuen bigarren aldia izan zen zapatukoa.

Hona Gorka Karapeto Norbegiako finalean eskalatzen: