Kirol ikastaroen aukera zabala, ikasturtea osasuntsu mantentzeko

Urola Kostako Hitza 2009ko urr. 13a, 12:10

Azpeitiko Udal Igerileku eta Kiroldegiak abian du ikasturte berrirako matrikulazio kanpaina

Irailetik uztailera bitartean, kirolaz eta ariketa fisikoaz gozatzeko jarduera aukera zabala eskaintzen du

Azpeitiko Udal Igerileku eta Kiroldegiak abian du ikasturte berrirako matrikulazio kanpaina. Irailetik uztailera bitartean, kirolaz eta ariketa fisikoaz gozatzeko jarduera aukera zabala eskaintzen du. Azpeitiko Udal Kirol Patronatuak duela urtebete inguru hitzarmena egin zuen Bpxport kirol zerbitzuarekin, eta hau arduratzen da igerilekuko eta kiroldegiko ikastaroez.

Igerilekuko eta kiroldegiko ikastaroen izen-ematea hilero-hilero berritu daiteke. Gisa horretan, erabiltzaileek nahi duten jarduera proba dezakete, ikasturte osoko konpromisorik hartu gabe. "Hainbat aukera probatu genuen: bederatzi, sei eta hiru hilabeteko epeak, esaterako. Iraupen luzeko loturak funtzionatzen ez zuenez, hilekoa jarri genuen martxan. Izan ere, hilabete batetik bestera, erabiltzaileek gorabeherak izan ditzakete, eta horrela malgutasun handiagoa ematen diegu. Guretzat lan handiagoa den arren, erabiltzaileei hobeto datorkie", aditzera eman du Kirol Patronatuko zuzendari Ina Sagarzazuk.

Herritarren beharrizanetara

Jarduerak goizez eta arratsaldez eskaintzen dituzte, aste osoan zehar, herritar guztien beharrizanen eta ordutegiaren arabera. Kirol jarduerak bi instalakuntzetan ematen dituzte, bai igerilekuan bai kiroldegian. Igerilekuan, batik bat, igeri egiten ikasteko nahiz trebatzeko saioak egiten dituzte, betiere norberaren adina eta maila kontuan izanda: jaioberriei zuzendutako igeriketa egiten dute, 6 hilabetetik aurrerakoentzat; matro igeriketa, 2 eta 4 urteko bitartekoentzat; txikientzat igeriketa, 5 urtetik aurrerakoentzat; helduentzako igeriketa; eta igeriketa teknifikazioa.

Horietaz gain, aurten jarduera berri bat eskaintzen ari dira igeriketa eremuan: aquagym izenekoa, hain zuzen ere. Uretan egiten den oinarrizko gimnasia da honako hau, batzuetan musikaz lagunduta, gainera. Ikastaro honetan parte hartu ahal izateko igeriketako oinarrizko jakinbide batzuk eduki beharko liratezkela nabarmendu du Kirol Patronatuko zuzendariak. Aquagyma eta igeriketako ikastaro guztiak estali berri duten lau kaleko igerilekuan ematen ari dira. Horrela, sei kaleko igerileku handia bazkideen erabilera askerako geratuko litzateke; nolabait ere, elkar ez oztopatzeko.

Jarduera berriak

Kiroldegian, urtero bezala, osasuntsu jartzeko bide ematen dute lehorreko hainbat jarduerarekin. Eskaintzaren baitan, pilatesa, aerobika, ciclynga, abdominal hipopresiboak, mantenu soinketa eta hirugarren adinekoei zuzendutako gimnasia daude. Aurten, nobedade gisa, bosu/gap eta multifitnes ikastaroak gehitu dituzte aukera zerrendan.

Igeriketako nahiz lehorreko ikastaroen inguruan informazio zabalagoa jaso nahi dutenek, ordutegien eta prezioen inguruan, kiroldegian kontsultatu dezakete inolako konpromisorik gabe. Era berean, 943 81 41 21 edo 943 81 30 29 telefonoetara deitu daiteke, edo www.bpxport.es eta www.azpeitikokirolpatronatua.net webguneak bisitatu.