Kilometroak egun arrakastatsua Azpeitian

Azpeitiko Ikastola Ikasberri 2011ko urr. 2a, 18:10
Zuzeneko musika, Loiolako basilikaren atarian.

Azpeitiko Ikastola Ikasberrik oso balorazio positiboa egin du gaurko egunaz, eta urte osoan egindako lanaren bukaera ezin hobea izan dela esan dute arduradunek

Aparkaleku guztiak autobusez eta kotxez lepo bete dira, eta nabarmentzekoa izan da garraio publikoa erabiliz Azpeitira gerturatu den jendetza

(Astelehena, urriak 3): Ikusi hemen Kilometroak 2011ren zozketen zenbaki saridunak

Milaka eta milaka lagun bildu dira gaur Kilometroetan Azpeitian, ikastolen aldeko festa ospatzen, Azpeitiko Ikastola Ikasberrik antolatuta. Eguraldia lagun, gune guztiak jendez gainezka egon dira goizean goizetik, eta ekitaldi guztiak izan dira jendetsuak.

Azpeitiko Ikastola Ikasberrik oso balorazio positiboa egin du gaurko egunaz, eta urte osoan egindako lanaren bukaera ezin hobea izan dela esan dute arduradunek: "Urte osoan ikastolaren komunitateak eginiko ahalegina izugarria izan da, eta gaurkoan herritarrek oso ondo erantzun dute; era horretako ahaleginarekin ikastolen proiektuaren etorkizuna ziurtatuta dago".

Aparkaleku guztiak autobusez eta kotxez lepo bete dira, eta nabarmentzekoa izan da garraio publikoa erabiliz Azpeitira gerturatu den jendetza. Goizean goizetik autobus zerbitzu bereziak jarri dira Lasaon eta Azkoitian zirkuitura ailegatzeko, eta Euskotren-ek ere bere zerbitzua bereziki indartu du egun honetarako; denaren beharra izan da. Bazkaritarako zeuden txartel guztiak eta edateko zegoen ia guztia agortu da, eta ekitaldi guztiak inolako arazorik gabe burutu dira. Reala-Athletic partida ere ikusi ahal izan da lehenengo gunean eta 2. gunean.

Goizean, irekiera ekitaldian, ikastolako arduradunek eta erakunde publikoetako ordezkariek parte hartu dute. Han izan dira, besteak beste, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko lehendakari Aitor Unanue, ikastolako zuzendari BeƱat Azurmendi, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu, Gipuzkoako ikastolen lurralde batzordeko arduradun Arantza Manterola, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Isabel Celaa, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Lohitzune Txarola, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Martin Garitano eta Euskara zuzendari Zigor Etxeburua, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria, Markel Olano eta Joseba Egibar EAJko ordezkariak eta euskalgintzaren eta hainbat gizarte eragileren ordezkariak, herritarrekin batera.

Eguerdiko ekitaldian ikastolen jaiak omendu dituzte (Kilometroak, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez, Herri Urrats eta Ibilaldia), aurten 35 urte antolatu zelako aurreneko aldiz Gipuzkoako ikastolen aldeko festa; horren ondoren, hurrengo Kilometroak antolatzeko lekukoa Andoaingo Aita Larramendi Ikastolak jaso du, Arantxa Irigoras ikastolako lehendakariak hain justu. Ekitaldian, Koldo Tellituk ikastolen jaiak 35 edizioa dutela gogorarari du, eta Kilometroak izan zen lehena. "Sortu zirenetik bizitza propioa, nortasun instituzionala izan dute, eta beti ikastolen alde. Gaur egun, lurraldez lurralde jende gehien biltzen duten ekitaldiak dira", esan du Tellituk. Gaur Azpeitian egiten ari diren Kilometroak horren erakusle dira. "Askotariko jendartea eta elkartasuna" biltzen dituzte ikastolen jaiak Tellituren esanetan.

Ekitaldien argazkiak honoko helbideetan dituzue jaisteko moduan: picasaweb.google.com/kilometroak2011

Kilometroak 2011ren zozketen zenbaki sarituak

Hauek dira Kilometroak 2011ren zozketetako zenbaki saridunak:

  • Sarreretako bidaien zozketako zenbaki saridunak:
    • Asturias

      Irabazlea: 03584
      Lehenengo ordezkoa: 03555
      Bigarren ordezkoa: 01144

    • Kanariar Uharteak

      Irabazlea: 01315
      Lehenengo ordezkoa: 13544
      Bigarren ordezkoa: 12295

  • Ford Focus autoaren zozketako zenbaki sariduna:

    Irabazlea: 49981
    Ordezko zenbakia: 45333