Banatu dituzte Agirreneko alokairu sozialeko etxeen giltzak

Uztarria.eus 2011ko ira. 30a, 11:09
Hamazazpi lagunek sinatu dute kontratua.

Alkateak "aurreneko harria izatea" espero duela dio, eta horrelako ekimen gehiago dituztela jakinarazi du

Herritar batek etxea ez hartzea erabaki du eta, hala, hamazazpi kontratu sinatu zituzten atzoko ekimenean

Hemezortzi etxebizitza atera dituzte alokairu sozialean Agirreneko eremuan, eta banatu dituzte etxebizitza horietako giltzak. Atzo, osteguna, eguerdian egin zuten ekimen ofiziala, eta bertan sinatu zituzten hitzarmenak herritarrek, aurretik zituzten zalantzen inguruko argibideak jaso ondoren.

Herritar batek etxea ez hartzea erabaki du eta, hala, hamazazpi kontratu sinatu zituzten atzoko ekimenean. Zerrendaren arabera erabakiko da falta den etxe horretako errentaria nor izango den. Sinatu dituzten kontratuak bost urterako izango dira, eta ondoren Udalak aztertu egingo du bizilagun horiek hor jarraituko duten ala ez.

"Aurreneko harria"

Eneko Etxeberria alkateak ekimen hau "aurreneko harria" izatea espero duela adierazi zuen ekimenaren hasieran: "Guretzat oso garrantzitsua da hau, politika berri baten lehen pausoa izango dela iruditzen aigu. Horrez gain, alokairu publikoa sustatzeko konpromisoa ere hartuko dugu". Herritarrak ekimen horretan parte hartzera animatu nahi izan ditu, "aukera ona delako".