Organo Erromantikoaren Zikloa Azkoitian hasiko da, larunbatean

Urola Kostako Hitza 2011ko ira. 29a, 12:09
Ane Bereziartua eta Mikel Arenas, Jose Luis Frantzesenaren organo ikasleak, iaz. (Onintza Lete Arrieta)

Azpeitiko musika eskolako Mikel Arenas eta Ane Bereziartuak kontzertua emango dute urriaren 15ean

Azkoitian eta Azpeitian izango dira emanaldiak

Larunbatean hasiko da Organo Erromantikoaren Nazioarteko XII. Zikloa, Azkoitiko eta Bergarako parrokietan izango diren kontzertuekin. Azkoitiko, Azpeitiko eta Bergarako udalek elkarlanean antolatutako musika ekimena da.

Aurten guztira hamahiru kontzertu antolatu dituzte. Bost kontzertu Azkoitiko parrokian izango dira, lau Loiolako basilikan, eta gainontzeko laurak Bergarako parrokian.

Aurrenengo kontzertua larubatean izango da, Azkoitian. Easo Abesbatzak abestuko du bertan, eta Oscar Candedo ariko da organoa jotzen. Azkoitiko kontzertu guztiak urriko larunbatetan izango dira. Igandetan, berriz, Azpeitiko Loiolako basilikan izango dira emanaldiak. Loiolako aurrena igande honetan bertan izango da, 20:00etan hasita. Aretxabaletako Abesbatzak abestuko du, eta organoa jotzen Jose Luis Frantzesena izango da oraingo honetan. "Nik neuk sortutako obrak joko ditut, baita Ave Maria bat ere", dio Frantzesenak. Kontzertura bakarlari bikainak datozela azaldu du azpeitiar organo-jotzaileak.

Loiolan kontzertu bikainak izango direla dio Frantzesenak, "Donostiako Santa Maria La Real elizako organo-jotzaileak etorriko dira, eta Mario Ciferri italiarra ere oso organojole ona da, historial bikaina dauka".

Organo eskolakoak

Baina Azpeitiko Juan Antxieta Musika Eskolako organoko bi ikaslek estreinaldia egingo dute Organo Erromantikoaren Zikloaren baitan. Frantzesenaren ikasleak dira Ane Bereziartua eta Mikel Arenas. "Biek 15 urte dituzte, eta hor ari gara Azkoitiko organoan entseguak egiten", dio organojotzaileak. Biek ere obra mardulak hartu dituztela dio irakasleak. Organo eskolak Esklabetako elizakoan ematen dituzte, baina Azkoitikoa desberdina denez, kontzerturako entseatzera bertara joaten dira. Bergarako musika eskolako ikasleekin batera emango dute kontzertua: Leo Juaristi azkoitiarrarekin eta Elena Laka eibartarrarekin.

Izena emateko zabalik

Juan Antxieta Musika Eskolako organo eskolak bailara mailakoak dira. Aurreko ikasturtean zortzi ikasle ibili ziren bertan, eta haietako batzuk dagoeneko inguruko elizetan organo-jotzaile ari dira gaur egun. Esaterako, Itziar Urbieta azpeitiarra Loiolako basilikako organo-jotzailea da.

Ikasturtea hasi dute, eta oraingo honetan bost ikasle ditu Frantzesenak Esklabetan. "Gazteenak 12 urte ditu, Inazio Arakistain, eta oso ondo ari da ikasten". Dena den, oraindik ere organo eskoletan izena emateko epea zabalik daukate. Inkribatzeko Juan Antxieta Musika Eskolara jo behar da, edota 943-81 62 63 telefono zenbakira deitu.

EGITARAUA

Azkoitia

Kontzertu guztiak parrokiko organoan izango dira.

  • Urriak 1, larunbata. 17:30ean, Easo Abesbatza eta organo-jotzaile Oscar Candedo.
  • Urriak 8, larunbata. 17:30ean, Loinatz Abesbatza eta organojotzaile Gerardo Rifon.
  • Urriak 15, larunbata. 11:00etan, Bergarako Musika Eskola etaAzpeitiko Juan Antxieta Musika Eskolako organo eskoletako ikasleak. Organo-jotzaileak: Mikel Arenas, Ane Bereziartua, Leo Juaristi eta Elena Laka. 17:30ean, Anabel Aldalur sopranoa eta Alize Mendoza organo-jotzailea.
  • Urriak 22, larunbata. 17:30ean, Esteban Elizondo organo-jotzailea.

Azpeitia (Loiola)

Kontzertu guztiak Loiolako basilikako organoan izango dira.

  • Urriak 2, igandea. 20:00etan, Aretxabaletako Abesbatza eta organo-jotzaile Jose Luis Frantzesena.
  • Urriak 9, igandea. 20:00etan, Haizea Muñoz sopranoa eta Ana Belen Garcia organo-jotzailea.
  • Urriak 16, igandea. 20:00etan, Mario Ciferri organo-jotzaile italiarra.
  • Urriak 23, igandea. 20:00etan, Donostiako Orfeoi Txikia eta Alize Mendizabal organo-jotzaile dela.