Hamaikabatek ere Lapatx 2014an ixteko eskatu du

Uztarria.eus 2011ko ira. 28a, 20:09

Horretarako errauskailua martxan jartzea "ezinbestekoa" dela nabarmendu dute; Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, errausketa oraingoz baztertu egiten duela jakinarazi du

Konpostatze planta ez handitzeko ere eskatu du H1!-ek, eta hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea eta birziklatzea bultzatzea era bai

Azpeitiko Hamaikabatek (H1!) Lapatxeko zabortegia 2014an ixteko "exijitxen" du. Joan den irailaren 23an EAJk mozioa aurkeztuko zuela iragarri ondoren dator H1!-en eskaera.

Komunikabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du Hamaikabatek bere eskaera. "Hamaikabat ez da egongo ordezkatuta bailarako hondakinak kudeatzen dituen Urola Erdiko Mankomunitatean eta, beraz, herritarrei gai honen gaineko iritzia helarazteko prentsaren bidez eta Udalbatzan egingo dugu", diote.

Lapatx 2014an itxi ahal izateko aurreko agintaldian onartu zuten errauskailua martxan jartzea "ezinbestekoa" dela nabarmendu dute H1!-ekoek. Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, errausketa oraingoz baztertu egiten duela jakinarazi du gaur bertan.

Lapatxen bertan dagoen konpostatze planta ez handitzeko ere eskatu du H1!-ek , eta hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea eta birziklatzea bultzatzea era bai, horretarako ekimenak abian jarrita. H1!-en ustez, hondakinen kudeaketarako Europako Direktibak ezartzen dituen lehentasunak betetzeko "asko dago egiteko". 5. edukiontzia deritzona -marroia, gai organikoena- zabaltzearen alde azaldu dira, bereziki.

H1!-en ustez, "EAJk azken urte hauetan errauskailua izan du helburu nagusia eta ez du gogoz eragin materia organikoaren bilketa eta tratamenduekin". Eta galdera luzatzen dio Bilduri: "Eta Azpeitian Bilduk guzti honetaz ze iritzi duen ez dakigu. Zer dio Bilduk?".