Ideiak aurkezteko 'The 10 MP' ekimena jarriko dute abian aurten ere

Urola Kostako Hitza 2011ko ira. 28a, 17:09

Proiektu berritzaileak garatzen laguntzeko ekimena da

Iraurgi Lantzenek eta Gipuzkoa Berritzenek gosari bilera antolatu dute urriaren 4rako Insausti jauregian, proiektuak jasotzeko

"Berritzailea, sinesgarria, eraginkorra, bultzatzailea, bateratzailea eta esportagarria den, edo izan daiteken proiekturen bat buruan edo eskuartean" duen edonor The ten million project (The 10 MP) ekimenean parte hartzera gonbidatu dute aurten ere Iraurgi Lantzenek eta Gipuzkoa Berritzenek. Horretarako, urriaren 4an Insausti jauregian egingo den gosari bilerara joateko deia egin dute. "Ekimena hurbiletik azaltzea, proiektuak garatzen laguntzea eta zalantzak argitzea" da ekimen horren helburua. Bertan parte hartzeko aurrez eman behar da izena, osteguna (irailak 29) baino lehen, 943 309432 zenbakira deituta edo empresa@iraurgilantzen.net e-postan. Gutxienez hogei lagunek ez badute izena ematen, ez dela antolatuko ere jakinarazi dute.

Gosari bilerak bi zati izango ditu. Lehendabizikoan The ten million project ekimena aurkeztuko dute. Aurkezpenaren bitartez, honako galderei erantzun nahi diete: "Zer da? Zer bilatzen dugu? Zer eskaintzen dugu? Zein kriterio erabiliko dira proiektuak baloratzeko garaian?". Bigarren zatian, berriz, Biotermiak enpresako zuzendari den David Amok, energia eredu berriak inguruan eskain ditzakeen aukerez hitz egingo du: "Bai ekonomiko, baita sozialez".

Proiektuak lantzen lagundu

Bilera amaitzeko, biomasa eta energia eredu berri horren inguruan egindako aurkezpenetik abiatuta batetik, eta gosari bilerara hurbilduko den jendeak buruan dakarren "proiektu, ideia, amets edo intereseko gaiekin" bestetik, gosari tailer bat egingo du The ten million project-ak azaleratzeko asmoarekin. Helburua honela azaldu dute: "Aurtengo edizioan edo hurrengo edizioan aurkeztu ahal izateko proiektuak lantzea eta bitarte horretan beronen garapenean lagun badezakegu, lagundu ahal izatea".