Landu itxi izana salatu dute enpresako langileek eta bazkideek

Urola Kostako Hitza 2011ko uzt. 27a, 12:07
Landu enpresan hango langile izandakoek jarritako pankarta. (Hitza)

Enpresaren zuzendari nagusiaren azken urteetako "kudeaketa kaskarraren" ondorioa dela diote

Azpeitiko Juan XXIII. auzuneko Landu enpresa joan den maiatzaren 5etik itxita dago, eta ondorioz 21 langile lanik gabe daude

Azpeitiko Juan XXIII. auzuneko Landu enpresa joan den maiatzaren 5etik itxita dago, eta ondorioz 21 langile lanik gabe daude. Orain, enpresako langileek eta bazkideek ixteko arrazoiak eta balorazioa azalduz oharra kaleratu dute. Enpresaren itxiera "nahita bilatutako egoera baten ondorio" izan daitekeen zalantzak dituztela azaldu dute idatzian. Hori salatzeko joan den larunbatean pankarta jarri zuten lantegiko horman.

Enpresa ixteko arrazoia "azken urteetako kudeaketa kaskarra" dela diote. "Langileon ustez, zuzendaritzak denbora bitarte horretan ez ditu beharrezko neurriak hartu, edota enpresak aurrera egiteko eman beharreko pausoak ez ditu garaiz eman", salatu dute kaleratu duten idatzian. Hori dela eta, enpresa ixtea "nahita bilatutako egoera» dela uste dute langileek. Hala esan dute: "Zuzendaritzaren zenbait zirkunstantzia kontutan izanik, langileon artean zalantzak ditugu egoera hau ez ote den nahita bilatutakoa. Enpresako kudeaketa eramaten zuenari erretiroa hartzeko ordua iritsi zaionean itxi baita enpresa, eta krisi ekonomikoa ere hortxe dago".

Enpresako zuzendari nagusieta kudeatzaile Jose Luis Olaizola izan dela azaldu dute langileek, eta haren kudeaketarekin kritiko azaldu dira. Hari egotzi diote enpresa itxi izanaren ardura nagusia: "Olaizolak 65 urte bete ditu eta pentsioaren % 100arekin hartuko du erretiroa, gehienezko pentsioarekin (3.000 euro gutxi gorabehera). Langile bezala ere, Olaizolak indemnizazioa kobratuko du, langileen artean altuena, 55.000 euro inguru. Gainera, dena likidatu ondoren, remanentea geldituko balitz, enpresako bazkide den aldetik, kobratu egingo luke".

Jose Luis Olaizolarekin batera, Landu enpresako gainontzeko bazkideek ere enpresaren egoeraz ez direla kezkatu salatu dute lanik gabe gelditu diren langileek: "Enpresaren egoeraz ez dira kezkatu, eta egoera zuzentzeko inongo ekimenik ez dute izan. Beraz, haiek ere zeharkako ardura izan dute". Horrek guztiak langileak kale gorrian gelditzea eragin duela salatu dute.

Urola Kostako Hitza Jose Luis Olaizolarekin hitz egiten saiatu da, baina ez du lortu. Baina enpresako bazkide batekin hitz egin du. "Enpresako bazkideak 30 inguru gara, baina zati handiena Olaizola anai-arrebek dute. Zuzendaritza Batzordean hartutako erabakiak aurrera eramango zirela esaten zuen Olaizolak, baina gero ez da ezer egin. Lanean segi genuen bazkideak, berriz, gutxi ginen: bospasei, gainontzekoak erretiratuta baitaude", adierazi du.