Euria euri, Santio Egun jendetsua atzokoa

Uztarria.eus 2011ko uzt. 26a, 13:07
Sagardo Txapelketako irabazleak eta Udal ordezkariak sari-banaketa ekitaldian.

Eguerdian 39. Sagardo Txapelketa egin zuten eta Hernaniko Altzuetak irabazi zuen

Arratsaldetik aurrera, berriz, kantua, musika eta zezenak izan ziren nagusi

Atzo, Santio egunez, Baserritarren Eguna ospatu zen herrian. Euria egin arren, jendetza elkartu zen plazan, txahal errea jan eta sagardoa edateko. XXXIX. Sagardo Txapelketa egin zuten 12:00etan hasita, eta Hernaniko Altzueta nagusitu zen 128 puntu lortuta. Bigarren saria, Lizeagak eskuratu zuen 126 punturekin eta, hirugarrena Etxeberria izan zen 125 puntu eskuratuta. Herritarren saria ere Lizeagarentzat izan zen.

Gazta lehiaketa, berriz, Ricardo Remiro nafarrak irabazi zuen. Jesus Mari Ansola izan zen bigarrena eta Pedro Gabiria hirugarrena.

Kantu poteo jendetsua

Eguerdian nahikoa jan eta edanda, arratsaldean kanturako tartea izan zuten kantu poteoan ibili zirenek. Zahar nahiz gazte, 200 bat lagun elkartu ziren poteoan, eta 21:00ak pasata bukatu zuten kantaldia.

Kantu poteoa hasi zen ordu berean desenkajonamenduari ekin zioten zezen-plazan. Bertan, saninazioetako zezenketetan toreatuko eta hilko dituzten zezenak ezagutzeko aukera egon zen.

Santio Egunari bukaera emateaz Gorka Knorr, Naia Robles, Erramun Martikorena, Mikel Markez eta Xabi Sansebastian arduratu ziren. Euriak etenik ez zuen arren, jende asko egon zen kontzertua ikusten.