Eguzkiñe Peña:"Dakidan hori erakusteko aukera izango dut egunen batean, seguru nago"

Uztarria.eus 2011ko uzt. 13a, 11:07
Eguzkiñe Peña denboraldi hasieran Urola Kostako Hitzak egindako elkarrizketan. (Urola Kostako Hitza)

Peñak Realeko nesken taldean jokatzen du iazko denboralditik

Uztarria.com-ek Peñarekin hitz egin du pasa den denboraldiaz

Eguzkiñe Peña (Azpeitia, 1992) Realeko nesken taldeko jokalaria da iazko denboralditik. Lehenago, Lagun Onaken jokatzen zuen aurrelari azpeitiarrak. Aurki hasiko dira Superligako neskak denboraldi berria prestatzen, eta Uztarria.com-ek Peñarekin hitz egin du pasatu den denboraldiaz-eta.

Joan den urtean Realarekin hiru denboralditarako kontratua sinatu zenuen, eta aurten ere bertan izango zara.

Bai, aurten ere Realean jarraitzeko asmoa daukat. Nire bigarrengo urtea izango da, eta denboraldi berriari ekiteko ilusioz nago. Denboraldi honetan egindakoa gainditzeko gogoz nago.

Zer moduz joan da aurtengo denboraldia?

Oso gogorra egin zait denboraldia; bai fisikoki eta bai psikologikoki. Alde batetik, Superligan jokatzeko fisikoki ondo prestatuta egon beharra dago, aurrean izan ditugun taldeei irabazi ahal izateko. Horretarako, entrenamendu asko egin behar dira astean, eta asteburua iritsi eta partida kanpoan tokatzen baldin bazaigu kilometro asko egin behar izaten ditugu autobusean. Horrek ere nekatu egiten du.

Lagunak-eta asko bota ditut faltan, denborarik ere ez dut eta izan beraiekin egoteko. Hori bai, Realeko nesken taldeko kide izatea pribilegio bat da niretzat. Egia esan, taldekideekin ezin dut kexatu. Oso ondo konpondu naiz denekin eta futbolean onak izateaz gain, pertsona bezala asko balio dute.

Futbola lehia moduan hartuta, zer balorazio egiten duzu aurtengo denboraldiaz?

Oso ondo hasi genuen denboraldia. Indartsu. Lehenengo zortzi talde onenen artean egoteko gogo handiz. Historian lehenengo aldiz, ligako lehenengo fasean lehen postuan sailkatzea lortu genuen. Athletic-i irabazi genion lehenengo aldiz, eta horrek izugarrizko indarra eman zigun.

Nekea nabarmentzen hasi ginen bigarren fasean eta beherakada handia izan zuen taldeak. Hori dela-eta, zortzigarren bukatu genuen, zazpigarrenarekin puntuak berdinduta.

Behin liga bukatuta, kopa hasi genuen, eta gure helburua lehenengo kanporaketa pasatzea zen. Aurrera egin, eta kopako finalerdia jokatzeko aukera izan genuen.

Guzti horregatik, denboraldia ona eta konpletoa izan delakoan nago. Mota guztietako oztopoak izan ditugu bidean, baina guztiei aurre egitea lortu dugu, modu batean ala bestean.

Oro har, taldeak denboraldi hasieran zituen helburuak bete ditu, orduan?

Taldeak zuen helburua bigarren fasean sartu eta lehengo urteko zazpigarren postua hobetzea zen. Hori ez genuen lortu, baina Kopan izandako emaitzak asko hobetu du egoera. Iazko emaitzak hobetzeaz gain, finalerdietara sailkatzea lortu baitugu. Gainera, maila ona erakutsi du taldeak.

Erreginaren Kopako finalerdietara iritsita, helburua beteta gelditu al dira?

Lehenengo urtea izanda horrelako esperientzia bizitzea ikaragarria izan da. Zer nolako taldean nagoen ohartzeko balio izan dit. Lehenengo urtea izanda finalerdietara iristea izugarrizko aurrerapausoa izan da niretzat. Sekula ez dute grabatu nik jokatutako partida bat gero telebistan emateko, eta egia esan sentsazio ederra da zeure burua horrelako mailako partida jokatzen ikustea. Amets bat bezala da. Esperientzia oso polita izan da.

Denboraldi hasieran zure erronka nagusia "ahalik eta partida gehien jokatzea eta ahal bada pare bat gol sartzea" zela esan zenigun.

Aulkian dagoenak beti nahi izaten du ahalik eta minutu gehien jokatzea. Nik, egia esan, nahiz eta partida ia guztiak jokatzeko aukera izan dudan, ez dut minutu askorik izan eta gehiago nahiko nituzte. Hala ere, jokatu dudan apurrerako ez dut uste gauzak gaizki egin ditudanik, nahiz eta oraindik asko falta zaidan ikasteko.

Bestalde, pare bat gol ez ditut sartu, baina bat bai, eta ez da gutxi.

Zeure burua nola ikusi duzu nesken goreneko mailan?

Ahalik eta gehien ematen saiatu naiz entrenamentuetan, partidetan eta taldean, nahiz eta dakidana erakusteko aukera askorik ez dudan izan. Hala ere, horrelaxe jarraitzeko asmoa daukat. Dakidan hori erakusteko aukera izango dut egunen batean. Seguru nago.

Egindako ahaleginarekin harro nago. Eroso sentitu naiz taldekideen artean, izugarri balio dutelako eta edozein arazoren aurrean laguntzeko prest daudelako beti. Horrez gain, Zubietan daudenak ere (prestatzaile fisikoak, fisioterapeutak, taxistak…) beti behar dudana emateko prest egon dira, eta hori ere eskertzen da.

Noiz hasiko duzue aurredenboraldia? Gogoz al zaude?

Abuztuaren 1ean hasiko gara berriz martxan. Alde batetik, badut egunerokora bueltatzeko gogoa. Azken finean, faltan botatzen ditut taldekideak eta Zubietako jendea. Horrez gain, erronka berriei aurre egiteko prest nago eta ahalik eta denboraldi onena egiten saiatuko naiz, aukera baldin badut behintzat.

Bestetik, ordea, koadrilakoekin oraindik eta gutxiago egoteak pena handia ematen dit. Azkenean, nuen denbora guztia beraiekin pasatzetik ia ez ikustera narama egoera horrek eta pena handia ematen dit. Baina, neuk aukeratu dut bide hau eta aurre egin beharko diot, izango dudan denbora apurra beraiekin pasatuta.

Donostiara bueltaka ibili zara urte guztian. Gogorra egin al zaizu?

Une batzuetan bai. Denboraldia aurrera zihoan heinean, ingurukoak oporretan zeuden eta nik egunero joan behar izaten nuen Donostiaraino, gero gaueko ez dakit zer ordutan bueltatzeko. Horrez gain, denbora libre asko kentzen du joan-etorriak, nahiz eta taxian egiten dudan buelta ez den oso luzea.

Konparatzerik ez dagoela esango duzu, baina zer alde sumatu duzu Lagun Onak eta Realaren artean.

Ezin da bat bestearekin konparatu. Bizitzako bi momentu desberdin izan dira batekoa zein bestekoa, eta oso gustura nago bi aukerekin. Gauza asko ikasi ditut bietan, eta oso harro sentitzen naiz bietako parte izatearekin. Egindako lagunegatik batik bat.