Ikastaroak emateko eskaera epea amaitzear da

Urola Kostako Hitza 2011ko uzt. 6a, 12:07

2011-2012 ikasturtean ikastaroak emateko proposamenak datorren astelehena baino lehen aurkeztu behar dira

Eskaerak udaletxean aurkeztu behar dira, hango sarrera erregistroan.

2011-2012 ikasturtean ikastaroak emateko epea zabaldu du Azpeitiko Udaleko Hezkuntza Sailak, eta interesatuek datorren astelehena baino lehen aurkeztu beharko dituzte proiektuak.

Eskaerak udaletxean aurkeztu behar dira, hango sarrera erregistroan.

Udaletik jakinarazi dutenez, interesa dutenek eskaera orria beteta eta txosten batekin aurkeztu beharko dute. Txostenean ikastaroaren nondik norakoak azaldu behar dira. Txostenak honako atalak agertu beharko ditu, gutxienez: ikastaroaren helburua, edukiak, metodologia, iraupena, prezioa, nori zuzendua dagoen eta irakasleak (edo irakasleek) gaia ezagutzen duela agertuko duen dokumentazioa (heziketa agiriak, lan eskarmentua, etab.). Bestalde, txostenik ez du aurkeztu beharko amaitu berri den ikasturtean jada ikastaroren bat eman duenak, betiere ikastaro berarekin jarraitu nahi izanez gero. Kasu horretan, nahikoa izango da eskaera orria aurkeztea.

Baldintzak eta eskaintza

Udalaren aukeraketa fasean sartu ahal izateko, hainbat baldintza bete beharko dute aurkeztekoak direnek. Alde batetik, beharrezkoa izango da ikastaroa eman behar duenak gaiari buruzko "titulazio egokia" izatea, edo lan esperientzia duela agertzen duten agiriak izatea. Bestetik, zerbitzu bera herrian beste tokiren batean ez eskaintzea. Azkenik, Udaleko sailen baten helburuekin bat egin behar du proposamenak.

Aukeratutako proiektuek, ordainean, zenbait zerbitzu jasoko dute udalaren partetik. Batetik, ikastaroen publizitatea egingo du. Bestetik, ikastaroak emateko lokala utziko du. Horretaz gain, hitzarmena sinatuko dute Udalak eta ikastaroa eman behar duenak. Bertan jasoko dituzte bataren eta bestearen betebeharrak. Ekimenari buruzko informazio gehiago jaso nahi duten herritarrentzat, honako telefono zenbakia eskuragarri jarri du Udalak: 943-15 79 28.