Ostiralean Azpeitiko Erremonte Txapelketako finalaurrekoak jokatuko dituzte

Uztarria.eus 2011ko eka. 8a, 15:06

.18:00etan hasita, Zulaikak eta Zubizarretak Matxin VI.aren eta Ionen kontra jokatuko dute

Bigarren partidan, berriz, Matxin IV.-ak eta Barrenetxeak Oñatz eta Agirrezabalaren kontra neurtuko dituzte indarrak

Azpeitiko XII. Erremonte Txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zuten joan den ostiralean, ekainak 3, Izarraitz pilotalekuan.

A taldeko neurketan, Matxin III.ak eta Zubirik 29-40 irabazi zieten Zulaikari eta Zubizarretari. Horrenbestez, Matxin III.ak eta Zubirik irabazi arren, ez dute finalera sailkatzea lortu. Aldiz, Zulaikak eta Zubizarretak 40 eta 25 irabazi beharko dute aste honetako partida finalerako txartela eskuratzeko.

B taldeko neurketan, berriz, Matxin IVak eta Barrenetxea IV.ak osatutako bikoteak 40-33 irabazi zion Urrutia II.ari eta Urkori. Hala, ostiral honetako partidan erabakiko da B taldeko bikote finalista zein izango den.

Finalaurrekoak, ostiralean

Txapelketa finalerdietara iritsi da jada, eta ostiral honetan, hilaren 3an, izango dira A eta B taldeetako partidak Izarraitz pilotalekuan, 18:30ean hasita. Lehenengo partidan Zulaika eta Zubizarreta Matxin VI.aren eta Ionen aurka arituko dira. Bigarren partida, berriz, Matxin IV.-ak eta Barrenetxeak Oñatz eta Agirrezabalaren kontra jokatuko dute, eta irabazlea finalera sailkatuko da zuzenea. Finala, ekainaren 24an izango da.