"Arrakasta itzela" izan dute aurten Sanjuandegiko jaiek

Urola Kostako Hitza 2011ko eka. 7a, 18:06
Larunbatean jende mordoxka bildu zen herri bazkarian. (ONINTZA LETE ARRIETA)

Xanjuandei Festa Batzordeak oso balorazio positiboa egin du

"Helburuetara hurbildu gara", diote

Amaitu dira Sanjuandegi auzoko festak eta aurten, ondorenaz aparte, harridura eta inpresio ona utzi diete festek parte hartu dutenei. Azken urteotan aldaketa nabari bazen ere, argi ikusi da aurten Sanjuandegiko festak jada ez direla garai bateko jai xumeak; aurrekontu oso mugatu batekin eta ekitaldi gutxi batzuekin osatutako auzoko festa txikiak.

Asteartetik igandera auzotarrek zein kanpokoek egitarau zabalaz gozatzeko aukera izan dute; eta gozatu dute, gainera, jendetza eta parte-hartzea izugarria izan baita Sanjuandegiko festetan aurten.

Xanjuandei Auzo Batzordeko kide Aitor Zinkunegi pozik agertu da: "Orokorrean oso balorazio positiboa egiten dugu; dena oso ondo joan da". Ekitaldiren bat nabarmentzekotan, zera adierazi du: "Egunez zein gauez antolatutako saioek, guztiek" izan dute erantzun ona.

Neurri horretako festak antolatzea ez da izan, ordea, lan makala. "Jendea harritu egin da Sanjuandegin topatu duenarekin, baina hiru urteko lanaren emaitza izan da. Argi ikusten genuen iaztik jauzia egin behar genuela, eta jarritako helburuetara hurbildu gara", dio Zinkunegik.

Egitarau zabalari eta festara hurbildutako jendetzaren beharrei erantzuteko, ordea, lantalde sendoa behar da, eta horixe da, hain justu, datorren urterako hobetu beharrekoa. "Festa xumeak zirenean lauzpabost lagunen artean presta zitekeen dena, baina orain iritsi ezinda ibili gara, eta barnera begira lan taldea handitzea eta barne antolakuntza hobetzea beharrezko ikusten dugu batzordean".

Kanpora begira, aldiz, "zenbait gauza fintzeke" gelditu da. Azpiegiturei dagokienez, aurten karpa jarrita "zalantzarik gabe asmatu" egin dutela uste du batzordeak. "Zalantza izan genuen jarri ala ez, baina erantzuna eta auzoan egunero izan den jendetza ikusita ez dago dudarako lekurik; asmatu dugu".