Festa eguzkitsua ospatzen ari dira Sanjuandegi auzoan

Urola Kostako Hitza 2011ko eka. 4a, 20:06
Herri-kirol erronkaren bigarren zatirako prestaketa lanak egiten (Onintza Lete Arrieta)

Herri bazkarian 120 lagunek hartu dute parte, eta arratsaldean herri kirolak ere izan dituzte

Auzoan jarri duten karpan herriko senegaldar talde batek ikuskizuna eskainiko du gaur 21:00etan, besteak beste

Festa betean murgilduta daude Sanjuandegi auzoan. Haurren jolasekin hasi dira goizean eta, antolatzaileek adierazi dutenez, 80 umek hartu dute parte bertan. Triki-poteoan 40 lagun elkartu dira, eta hiru bider gehiago herri bazkarian. Bazkalostean egitarauak jasotzen ez zuen ekitaldia izan dute: herri-kirol saioa. Joan den asteko Elkartasun Egunean herri-kirol erronka egin zuten, eta gaur "errebantxa" hartu nahi izan du galtzaileen taldeak.

Arratsalde partean txokolate jana ere egitekoak dira, eta gauean egitarauan jasotako ekimen guztiak egingo dituzte (herri afaria eta gaupasa dj-ekin, besteak beste). Bada azken orduko ekitaldirik ere, ordea. Izan ere, herriko senegaldar talde batek ikuskizuna eskainiko du auzoan jarria duten karpan: "Beren ideia izan da, herriko senegaldarrak dira eta festen barruan sartzea erabaki dugu", adierazi dute festa batzordeko kideek.