Igeriketako abilezia erakutsiz, domina ugari lortu dituzte Izarraizkoek

Uztarria.eus 2011ko eka. 3a, 12:06

Euskadiko Eskolarteko Txapelketan egindako lana dela-eta, Espainiako Txapelketarako sailkatu dira Oihana Goenaga eta Jon Aizpuru

Uztailean jokatuko dute Espainiako Txapelketa Cartagenan

Euskadiko Eskolarteko Igeriketa Txapelketan Izarraitz Igeri Elkarteko hiru kidek hartu zuten parte maiatzaren 28an, Gasteizen. Kirolariek ederki erakutsi zuten igerirako duten abilezia.

Oihana Goenagak urrezko lau domina eraman zituen etxera, bakarka, 200 metro librean, eta 100 metro bizkarrean, eta taldeka, 4x100 metro librean eta 4x100 metro estiloetan irabazita.

Jon Aizpuruk bi zilarrezko domina lortu zituen bakarka, 200 metro librean eta 100 metro bizkarrean, eta urrezko bi domina taldeka.

Markel Aranburuk laugarren postua eskuratu zuen 100 metro bizkarrean eta zazpigarren postua 100 metro tximeletan.

Espainiako Txapelketara

Goenagak eta Aizpuruk Euskadiko Txapelketan egin dituzten denbora onei esker, uztailean Cartagenan (Murtzia, Espainia) jokatuko den Espainiako Eskolarteko Txapelketan parte hartzeko txartela eskuratu dute.