Behar duenak eduki dezan

Urola Kostako Hitza 2011ko mai. 26a, 19:05
Elbarrientzako 90 aparkaleku daude Azpeitian; benetan beharrezkoak zenbat diren ikusi nahi du Udalak. (OLATZ PRAT)

Elbarri-txartela arautzeko ordenantza onartu du Azpeitiko Udalak

Helburua, ezinduentzako aparkalekuen erabilera txarrak sortzen dituen arazoei aurre egitea

Bestelako arazoak nahikoak ez, eta elbarriek arazo handiak izaten dituzte euren ibilgailuak aparkatzeko. Baina, ez beraientzat gordetako aparkaleku kopurua urria delako, horiek gaizki erabiltzen direlako baizik.

Azpeitian gaur egun 350 pertsona inguruk dute ezindu-txartela. Horietatik asko etxetik irten ezin diren adinekoak dira, eta ez dituzte aparkalekuak erabiltzen; "arazoa" da horien familiakoek "txartela aprobetxatzen dutela ezinduentzako tokietan aparkatzeko, eurek inongo ezintasunik ez duten arren", adierazi du Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Edurne Mendiak. Horrek ekarri duena da, praktikan, ezinduen aparkaleku horiek pribatuak bilakatzea, bakoitzaren etxe azpiko aparkalekua bakoitzarena bilakatzea.

Erabilera zuzenerako neurriak

Txartelaren erabilera txar honen ondorioz, ezinezkoa zen benetan behar zuenari zerbitzu on bat eman ahal izatea. Kexa asko jaso dute Gizarte Zerbitzuetan, eta ezindu fisikoen koordinakundeak ere kezka handia agertu izan du arazo honen aurrean. Horregatik, Udalak ezinduen aparkaleku- txartelaren funtzionamendua arautzeko Udal Ordenantza onartu du hil honetan.

Aurrerantzean, beraz, aparkaleku-txartelaren titularrak gidabaimenik ez badu eta gidari-laguntzaile bat behar duen kasuetan, oro har, gehienez lau orduz aparkatu ahal izango du autoa elbarrientzako aparkalekuetan. Arrazoi batengatik denbora gehiago beharko balu, udaltzainei eskatu beharko liekete baimena.

Ezintasuna duen pertsonak ibilgailua egunero beharko balu, medikuarengana, gaiberritze saioetara, eskolara edo lanera joateko, ibilgailua hiru egunez mugitu gabe utzi ahal izango luke elbarrientzako aparkaleku toki batean; ondorengo 12 orduetan ezingo luke, ordea, berriz leku berean utzi ibilgailua. Txartelaren titularra den elbarriak gidabaimena balu eta gidari-laguntzailerik behar ez balu, honek ere hiru egunez utzi ahal izango luke autoa aparkaleku berean mugitu gabe. Aurreko kasuan bezala, honek ere ezingo luke ondorengo 12 orduetan leku berean berriro utzi autoa.

Zerbitzu ona helburu

Elbarriek zerbitzu hau jasotzeko dituzten txartelak fotokopiatu eta faltsutu egiten ditu hainbat herritarrek. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak faltsutzen zailak diren txartel berriak atera ditu. Neurri hauekin Udalak zehaztu egin nahi du benetan aparkalekuak behar dituzten elbarrien kopurua. Gaur egun 90 aparkaleku daude, eta berriak margotzen ari dira. Erabiltzaile kopurua zehazten denean gehiagoren beharra ikusiz gero, gehiago margotuko dituzte, "baina benetan behar badira bakarrik, bestela gainerako herritarrei aparkatzeko espazioa murrizten zaie", dio Mendiak.