Bihar hasiko da Azpeitiko XII. Erremonte Txapelketa

Uztarria.eus 2011ko mai. 26a, 15:05
Txapelketa jokatuko duten pilotariak eta antolatzaileak aurkezpenean.

Sei bikotek hartuko dute parte Txapelketan

Lehenengo kanporaketako bi partidak bihar, maiatzak 27, jokatuko dira Izarraitz frontoian, 18:30ean hasita

Azpeitiko XII. Erremonte Txapelketaren lehen kanporaketako partidak bihar, ostirala, jokatuko dira 18:30ean hasita, Izarraitz pilotalekuan. Julian Kortajarena Udal Kirol Zinegotziak adierazi duenez, "hamabigarrena izanda arrakasta izatea espero dugu". Txapelketan sei bikotek hartuko dute parte eta hamabi erremontistetatik bost Azpeitikoak eta Matxinbentakoak dira: Xuban Oiarzabal Matxin III.-a, Urko Etxeberria, Eñaut Oiarzabal Matxin VI.-a, Igor Agirrezabala eta Ion Etxeberria. Bestalde, Zubirik, Zulaikak, Zubizarretak, Etxabe II.-ak, Barrenetxea IV.-ak eta Oñatzek ere hartuko dute parte lehian. Hala, bailarako pilotariak hartuko dute parte txapelketan.

Gaur, osteguna, aurkeztu dute txapelketa Izarraitz pilotalekuan. Bertan, Julian Kortajarena Udal Kirol zinegotziak eta Kike Elizalde Oriamendiko intendenteak hitz egin dute. Elizaldek esan duenez, "Azpeitian erremontista asko dago eta bertako jendeari aukera eman nahi izan diogu txapelketa antolatuta". Gainera, "Gipuzkoako bi erremonte eskola garrantzitsuenak" Galarreta eta Azpeitia direla adierazi du Elizaldek.

Bihar, ostirala, hasi eta ekainaren 10era bitarteko ostiraletan jokatuko dituzte txapelketako partidak. Hau da, maiatzaren 27an, ekainaren 3an eta ekainaren 10ean. Iaz bezala, 18:30ean hasiko dira partidak. Finala, berriz, ekainaren 24an izango da.

Oriamendiko Kike Elizaldek "eskerrak eman" dizkio Azpeitiko Udalari erremontearekin eta Oriamendi enpresarekin duen kolaborazioa dela-eta. Elizaldek gaineratu duenez, "denon laguntzarekin ea erremontearen jarraitzaile egiten den jendea Azpeitian".

Kanporaketetan sarrera doan

Kanporaketetako sarrerak doan izango dira, eta finalekoa, ekainaren 24an, bost-sei euro inguru ordaindu beharko dela esan dute.

Egutegia eta partidak

Maiatzak 27, bihar. (Kanporaketetako lehen jardunaldia)

- Lehen partida: Matxin III.a eta Zubiri Matxin VI.a eta Ion Etxeberriaren aurka.

- Bigarren partida: Etxabe II.a eta Urko Oñatz eta Agirrezabalaren kontra.

Ekainak 3, ostirala. (Kanporaketetako bigarren jardunaldia)

- Lehen partida: Zulaika eta Zubizarreta maiatzaren 27ko kanporaketako galtzailearen kontra.

- Bigarren partida: Matxin IV.a eta Barrenetxea IV.a maiatzaren 27ko kanporaketako galtzailearen kontra.

Ekainak 10, ostirala. (Finalaurrekoak)

- Lehen finalaurrekoa: Zulaika eta Zubizarreta maiatzaren 27ko kanporaketako irabazlearen kontra.

- Bigarren finalaurrekoa: Matxin IV.a eta Barrenetxea IV.a maiatzaren 27ko kanporaketako irabazlearen kontra.

Ekainaren 24an izango da Txapelketako finala. Finalaren aurretik afizionatuek partida jokatzeko aukera izango dutela adierazi dute antolatzaileek.