Eneko Etxeberria da Bilduren alkategaia

Uztarria.eus 2011ko api. 19a, 16:04
Eneko Etxeberria abokatua eta EHUko irakaslea, artxiboko irudi batean (Uztarria).

Abokatua eta EHUko irakaslea da, eta independente gisa aurkeztuko da hauteskundeetara

Koalizioko zerrendaburuak garrantzi berezia ematen dio abertzaleen eta aurrerakoien arteko indar metaketari

Eneko Etxeberria Bereziartua da Bildu koalizioaren Azpeitiko alkategaia maiatzaren 22ko udal hauteskundeetarako, gaur Bilduk prentsa oharrean jakinarazi duenez. Azpeitiarra da Etxeberria, eta 1971n jaio zen. Independente modura aurkeztuko da bozetara.

"Euskal Herriko garai politiko berriak ilusioa" sortzen diola dio Etxeberriak, prentsa oharrak dioenez, eta "garrantzi berezia" ematen dio abertzaleen eta aurrerakoien arteko indar metaketari —EAk, Alternatibak eta independenteek osatzen dute Bildu koalizioa—.

Zuzenbide Ekonomikoa ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, eta abokatu ekonomista bezala dihardu lanean. Bi bulego dauzka: Azpeitian eta Donostian. Hainbat eta hainbat kasu eraman izan ditu Etxeberriak, eta haien artean ezagunena Egunkaria auzia da. Espainiako Auzitegi Nazionalak Egunkaria-ren itxiera kasuan absoluzio epaia eman zuen joan den urtean. Auzi ekonomikoak, ordea, aurrera segitzen du oraindik, eta Etxeberriak darama defentsa arloa, beste abokatu batzuekin batera.

Azpeitiko Bilduren alkategaia EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko irakaslea ere bada. 2007tik, hain zuzen. Zuzenbide Prozesaleko klaseak ematen ditu Donostian, Ibaetako kanpusean, bosgarren mailan.

Aita, Leo Etxeberria zena

Eneko Etxeberriaren aita zena aski ezaguna da Azpeitian: Leo Etxeberria. Sindikalista, ikastolaren sortzaileetakoa, euskaltzalea, historialaria, idazlea eta EAJko zinegotzia izan zen Leo Etxeberria. 1981ean hil zen, gaixotasun baten ondorioz. Uztarria Komunikazio Taldeak hari buruzko biografia argitaratu zuen 2009ko uztailean (aurkezpena eta liburuxka).

Azpeitiko Bilduk esan du datozen egunetan jakinaraziko dituela beste zerrendakideen izenak. Buletin ofizialean bihartik egongo dira zerrendak ikusgai.

Azpeitiko beste alkategaiak

EAJ. Jesus Larrañaga.

Aralar. Juan Carlos Arellano.

Hamaikabat. Aitor Aranguren.

PSE-EE. Iñaki Uribe.

PP eta EB. Biek oraindik ez dute ezer egin publiko.

2007ko udal hauteskundeak