Datorren asteazkenean irekiko dute Landeta eta Zapatari arteko saihesbidea

Uztarria.eus 2011ko api. 15a, 14:04

Kilometro bateko luzera du errepideak

Lanak egiteko aurrekontua zortzi milioi eurokoa izan da

Azpeitiko saihesbidea izango denaren lehen zatia, Landeta-Zapatari artekoa, datorren apirilaren 20an, asteazkena, irekiko dute. Altuna y Uria enpresak 2009ko ekainean hasi zituen lanak, eta aurrekontua zortzi milioi eurokoa izan da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegitura Sailak ordainduko ditu lanak.

Landetako biribilgunetik (GI-631 eta GI-2635 errepideen bidegurutzea) Zabaletxera bitartean lau errai eraiki dituzte gaur egun dagoen GI-631 errepide zatian, 210 metroan zehar. Zabaletxen biribilgunea eraiki dute eta handik, Lan Mobel gainetik eta Larreko industrialdetik, Atxubiagako biribilgunera iritsiko da saihesbidea. Atxubiagatik Zapatari bitarteko GI-2635 errepidea egokitu eta hobetu egin dute; zati horrek 300 metroko luzera du.

Guztira, kilometro bateko luzera du errepideak eta gehieneko malda %6koa da. Ibaiederren ondoan espaloia ere izango du.

Hasieran, lanak 2010eko uztailerako bukatzea espero bazuten ere, hilabete batzuk geroago irekiko dute saihesbide berria.