Jose Mari Orbegozo: "Oholtzara igotzen zarenean ez dago lagunik"

Urola Kostako Hitza 2011ko mar. 31a, 18:03
Jose Mari Orbegozo. (IRENE ELORZA)

Areto dantzetan aitzindari, dantza irakasle eta ikasle grinatsu, eta dantzari nekaezina da azpeitiarra

Europako Txapelketa irabazi du hirugarren aldiz.

Europako Txapelketa irabazi berri du Jose Mari Orbegozok (Azpeitia, 1964), betiko bikotekide Amaia Gonzalezekin batera. Dantzari eta dantza irakaslea da Orbegozo. Eta musika sentitzea da dantzari ona izateko gakoa harentzat.

Bost urte eta gero Europako Txapelketara itzuli zarete, eta txapela etxera ekarri duzue. Nola lortu duzue?

Lau bat hilabetez astean lau bat egunetan entrenatu gara. Hamazazpi urte daramagu elkarrekin, eta gauza asko dagoeneko prestatuta dauzkagu. Hala ere, gauza berriak prestatu behar dira beti, eta hori kostatu egiten da. Txapelketari begira, egunero gelditu eta normalean baino ordu gehiago sartzen ditugu, entseatzen eta prestatzen. Izan ere, zein dantza mota egin behar duzun badakizu, baina ez zein musikarekin egin beharko duzun. Ondorioz, musika askorekin probatu beharra dago, eta aukera guztiak aztertu eta probatu.

Hori hala izanda, inprobisatu beharra izango duzue beti, ezta?

Daukazun dortsalaren arabera ere izaten da. Lehendabiziko dortsala egokitzen bazaizu, guri aurten gertatu zaigun bezala, ez duzu ezer entzuten oholtzara atera aurretik. Zeu zara lehena. Baina zenbaki altuagoa izan ezkero, besteen musikak entzuten joaten zara, eta erlojuarekin neurtzen. Diotenez, lehen dortsala zorteduna izaten da eta, egia esan, guri zortea eman digu.

Nolako maila izaten da konpetizioetan?

Urtean-urtean gero eta maila hobea dago txapelketetan. Baina guk ere, urteen poderioz, gero eta maila altuagoa daukagu. Gero eta gehiago eskatzen dute, baina gu ere prestatuago gaude, eta exijenteagoak gara geure buruekin.

Alacanten jokatu da Europako Txapelketa, eta 700 bikotek parte hartu dute. Denak al dira dantzari onak?

Denetarik izan da. Aurkeztea libre izaten da, ez baitago sailkapen faserik. Txapelketak astebete irauten du. Goizean hasten gara kanporaketekin, eta arratsalderako 16-17 bikote gelditzen gara kategoria bakoitzeko. Horien artean erabakitzen da zein den txapelduna eta zein sailkatzen den bigarren eta hirugarren.

Lehiakideen arteko harremanak onak izaten al dira?

Batzuekin harreman ona izaten dugu, eta besteekin, agurtu eta kitto. Baina barrutik badakizu behin oholtzara igotzen zarenean ez dagoela lagunik. Bat ere ez!

Besteek egiten dutenari adi egoten al zarete?

Niri ez zait gustatzen oholtzara igo aurretik besteei begiratzea. Urduri jartzen naiz. Nahiago dut atzean egon eta entseatzen jardutea edo musika entzutea.

Dantzan ba al da tendentziarik edo moda konturik?

Adibidez, 12 eta 18 urte bitarteko gazteak nazioarteko estiloarekin datoz asko. Aurten epaileek esan dute hori zigortu egingo dutela. Izan ere, dantza jakin batzuetan, nazioarteko estiloaz jardunez gero, ez da nabaritzen pasodoblea, tangoa ala beste zerbait den. Dena akrobazia da. Baina hori norberaren gustua da, eta epaileak ikusi beharko du.

Kanpotik begiratuta, mugimenduak oso finkatuta edo mugatuta daudela iruditu liteke. Askatasunik izaten al duzue adierazterakoan?

Adierazpena beti dago. Koreografia bat prestatzen duzunean horretan murgiltzen zara. Dantza bakoitzerako adierazpena diferentea izaten da, hala eskatzen du. Pasodoblerako, harroa, tangoarentzat serio samarra, eta abar.

Zu zeu zein dantzatan aritzen zara erosoago edo gusturago?

Pasodoblean eta tangoan. Latinoarekin ere ondo aritzen naiz. Valsarekin, berriz, pixka bat makalago ikusten dut nire burua.

Honez gero zure dantzako bikotekidearekin ondo baino hobeto moldatuko zara.

Bai, oso ondo ulertzen dugu elkar. Dagoeneko urte asko dira elkarrekin, eta begirada batekin bakarrik badakigu zer esan nahi diogun elkarri.

Garrantzitsua ondo ulertzea eta lagunak izatea da, ala teknikarekin nahikoa da dantzan ondo egiteko?

Nik beti diot dantzarako bikotea bikote sentimentala bezalakoa dela. Barre, haserretu, denetik egiten duzu. Ordu asko dira elkarrekin eta gainera, dantza helduta egin behar duzu, eta elkar ulertzea beharra da. Bikotekidea aurkitzea zeharo zaila izaten da, batik bat txapelketarako.

Baten egun txarra besteak asko antzematen al du?

Egun txarra urduri zaudenekoa izaten da. Eta horrelakoetan egun txarra da, bai batentzako, baita bestearentzat ere. Urduri zaudenean blokeatu egiten zara, eta txapelketan hiru minututan erakutsi behar duzu zer egiteko gai zaren. Urte guztian egiten duzuna bi minututan erakutsi behar duzu. Kale egiten baduzu urte guztiko lanak ez du bat ere balio. Hurrengo txapelketa hurrengo urtean dela pentsatu behar duzu, eta hori horrela, urtebeteko lana izorratuko duzula.

Zuen lana behar bezala aitortuta dagoela iruditzen zaizu?

Bai, eskola daukazunean eta ikasleak zurekin pozik daudenean, hori da aitortza onena. Hemendik kanpokoa ez zait inporta. Ikaslea zurekin gustura izateak asetzen du gehien. Hori dudarik gabe diot.

Aitzindaria izan zara areto dantzetan. Asko aldatu al da mundu hori?

Ni hasi nintzenean Azpeitian bakarrik nengoen. Orain mutil asko ari da horretan baina garai hartan ni bakarrik nengoen. Orain toki guztietan daude dantzako eskolak edo klaseak eta gero eta jende gehiago aritzen da dantzan.

Munduko Txapelketa al da zuen hurrengo erronka?

Urtearen bukaeran Mexikon izango da txapelketa. Oraindik ez dakigu joango garen ala ez, gauza asko lotu behar dira eta. Baina Europako Txapelketarekin gustura gaude.

Zertarako da ona dantzan egitea?

Deskonektatzeko balio du. Psikologoek bikoteei dantza egitea gomendatzen diete, terapia gisa. Niri behintzat, dantzan ari naizenean arazo guztiak ahazten zaizkit. Bestalde, gorputzeko gihar guztiak erabiltzen dituzu eta ariketa ona da. Gainera, jendea ezagutzeko eta harremanak lantzeko ere balio du.