Azpeitia eta Urrestilla artean argazki kamerarekin

Urola Kostako Hitza 2011ko mar. 30a, 20:03
Otsailean Gau-Txori Argazki Rallya egin zuten eta, orain, Urola Bailarakoa egingo dute. (IÑAKI ETXENAGUSIA)

Urola Bailarako XXXIV. Argazki Rallya antolatu du Azpeitiko Argazki Elkarteak datorren igande goizerako, apirilak 3

Kamera digitala eta memoriadun tarjeta hutsa duen edonork hartu ahal izango du parte lehiaketan

Neguan gauez eta udaberrian, berriz, egunez. Gau-Txori Argazki Rallyko irabazlea jakitera eman eta hilabete eskasera, urteko bigarren lehiaketari helduko dio Azpeitiko Argazki Elkarteak datorren igandean: Urola Bailarako XXXIV. Argazki rallyari, hain zuzen ere. Azken urteetan bezalaxe, antolatzaileek zehaztutako ibilbidea egin beharko dute argazkilari parte-hartzaileek eskatzen zaizkien gaien inguruko irudiak ateratzeko. Aurten, Azpeitia eta Urrestilla artean zehaztu dute rallyko zirkuitua.

Parte hartzeko asmoa dutenek argazki elkartearen egoitzan –Perez Arregi plazako lehen zenbakian; Telefonicaren egoitza zaharrean– eman beharko dute izena egunean bertan, 09:00ak eta 09:30ak artean. Kamera digitala eta memoriadun tarjeta hutsa duen edonork hartu ahal izango du parte lehiaketan. Horiek 7 euro ordaindu beharko dute izena ematearakoan, 16 urtetik beherakoek izan ezik. Azken horiek ez dute ezer ordaindu beharko. Izena ematen duten guztientzat hamaiketakoa izango da, eta rallyaren ondoren, lagunarteko bazkaria ere antolatu dute.

Argazki rallya 14:00etan bukatuko da. Jarraian, parte-hartzaile guztiek argazki elkartearen egoitzan deskargatuko dituzte jardunaldian zehar ateratako irudi guztiak. Argazkilari bakoitzak gehienez 50 irudi aurkeztu ahal izango ditu lehiaketara, eta irudi horiek korrelatiboak izan beharko dute ezinbestean; hau da, ateratako argazkiak elkarren segidakoak izan beharko dute eta, beraz, ezin izango dira ezabatu. Horrez gain, antolakuntzak zehaztutako gai bakoitzeko argazki bat aukeratu eta azpeitikoargazkielkartea@hotmail.com posta elektronikora bidalita aurkeztuko dira, hilaren 10a bitartean.

Sari banaketa ekitaldia apirilaren 16an egingo dute, Trenaren Museoko aretoan, 18:00etan. Bilduma onenaren egileak 120 euro eta Azpeitiko Eskudela jasoko ditu; bigarrenak 90 euro eta garaikurra; eta hirugarrenak 60 euro eta garaikurra. Era berean, rallyko eta fototekako argazki onenaren egileek, herriko lehen sailkatuak eta 16 urtetik beherako hiru bilduma onenen egileek garaikur bana jasoko dute. Ekitaldian, gainera, lehiaketara aurkeztutako argazkien emanaldia egingo dute.