Iraurgi klubeko lau jokalari deitu ditu Espainiako Saskibaloi Federazioak

Urola Kostako Hitza 2011ko mar. 30a, 13:03
Santurtziren aurkako partidako une bat. (Olatz Prat)

Zubizarreta, Oroz, Astigarraga eta Lizarazu euren kategoriatan Espainiako hogei onenen artean daude

Jose Luis Zubizarretak adierazi duenez, "Lan Mobelek ez du etsi eta ez du etsiko, gainera"

Iraurgi Saskibaloi Taldeak oso albiste onak jaso ditu azken egunotan. Izan ere, gaztetxoen kategorietako lau jokalari deitu ditu Espainiako Saskibaloi Federazioak aurreselekzioko kontzentrazioetarako.

Maite Zubizarreta (1995-U16) eta Aitor Astigarraga (1998-Heziketa Programa) azpeitarrak eta Xabier Oroz eta Maite Lizarazu azkoitiarrak (1996-U15) dira federazioak Espainiako hogei jokalari onenen zerrendarako aukeratutako jokalariak. Apirila erdialdera Alcobendasen (Madril, Espainia) izango da lehena. Ondoren, Europako txapelketarako hautaketa frogetarako, Zaragozara joango dira beste hirurak.

Klubarentzako garrantzitsua

Iraurgi taldeko zuzendari Jose Luis Zubizarretak adierazi duenez, "izugarrizko" albistea da. "Lehen federaziokoek ez zekiten Azpeitia mapan kokatzen ere. Eta orain bai, lehen taldea Zilarrezko LEBean dago, eta gazte hauek deitu dituzte".

Zubizarretarentzako zera da garrantzitsuena: "Duela 7 urte, lehen taldea EBA ligara igo zenean, jendeak gaztetxoez ez ahazteko eta lehen taldearekin ez harrotzeko" esan zieten. "Eta alderantziz gertatu da. Lehen taldea LEBen dago, bigarrena EBAra igotzekotan da, eta begira beheko mailetan dagoena; hobetzeko gauzak beti dauden arren, zerbait ondo egiten ari garela esan nahi du horrek guztiak".

Zubizarretaren ustez, "altueraren, koordinazioaren eta agresibitatearen arteko oreka" da jokalarien nabarmendu beharreko ezaugarria. "Altua izatea ezinbestekoa da. Baina altua ez bazina bezala mugitu behar duzu, eta gazte hauek hala mugitzen dira. Agresibitate puntua edukitzea ere garrantzitsua da".

Denboraldia bukatzear

Bestalde, hiru partida gelditzen zaizkio Lan Mobel ISBri denboraldi amaierarako, eta azken postuetan egonik ere, taldeak ez ditu besoak jaitsi. Joan den ostiralean Santurtziren aurka jokatutako partida "gogorra" izan zela onartzen du taldeko zuzendari Jose Luis Zubizarretak. Azken laurdenera arte gauzak ondo joan baziren ere, azken minutuetan puntuei dagokienean pareko ibili baitziren bi taldeak. Garaipena Bizkaia aldera joan zen azkenean, 71-74 emaitzarekin.

Jokalariak eta entrenatzailea "ukituta" daudela onartu du Zubizarretak: "Jon Txakartegi batez ere, taldeak bere lana egin ez izanaren erantzule baita". Besteren artean, "ezintasuna" sentitu duela adierazi du. "Eginahalak eginda ere, jokalariek ez badiote zenbaitetan kasurik egiten, hark ezin du ezer gehiago egin".

Kohesio falta

"Taldea ez dago bat eginda". Hori da klubarentzat arazo nagusia. "Gauzak ondo doazenean ez da begiratzen zerk egiten duen huts. Baina gauzak okertzen direnean, batak bestea kritikatzen du. Beti besteei begira daude, eta kritikatu egiten dute, batzuek euskaraz, besteek ingelesez eta besteek gaztelaniaz. Baina inork ez du bere burua kritikatzen". Eta horrek eragina du emaitzetan.

Dena den, denboran atzera eginda, taldeak borroka egin duela uste du. "Justu ibili gara, puntu gutxiren aldearekin galdu ditugu galdu ditugunak, eta hori ez da hain seinale txarra". Finean, partidak orekatuta daudenean, "azken saskiratzera arte bi taldeen lana berdina da". Zorteak ere badu tartea.

Zubizarretak adieraz duenez, ordea, "taldeak ez du etsi eta ez du etsiko". Eta gaineratu du: "Berez gelditzen zaizkigun arerioak Santurtzi baino gogorragoak dira, baina horrek ez du esan nahi galduko dugunik".

Joan den asteko partidan eta denboraldi osoan zaleek erakutsitako babesa eskertu du klubak. Apirilaren 8an, ostiralean, Tarragonaren aurka jokatuko dute azken partidara, etxean, eta iragan astekoa bezalako deialdia iragarri dute.