Mikel Orbegozo, Athleticera?

Uztarria.eus 2011ko mar. 16a, 18:03
Mikel Orbegozo (ezkerrean) Jon anaiarekin, aurreko denboraldian elkarren kontra jokatu zutenean.

Madrilgo egunkari baten arabera, datorren denboraldirako fitxatuko du Bilboko taldeak

Azpeitiar aurrelariak Sansen jokatzen du eta ekainean bukatuko zaio Realarekin duen kontratua

Athleticek Mikel Orbegozo (Azpeitia, 1989) fitxatuko duela zabaldu dute gaur, asteazkena. Madrilgo egunkari baten arabera, datorren denboraldirako fitxatuko du Bilboko taldeak Orbegozo. As kirol egunkariak edizio digitalean eman du albistea, eta beste hainbat komunikabidetan ere jaso dute.

Azpeitiar aurrelariak Sansen jokatzen du eta ekainean bukatuko zaio Realarekin duen kontratua.

Adierazpenik ez

Uztarriak Mikel Orbegozorekin hitz egin du, Athleticera bidean jarri duen informazioaz galdetzeko. "Ezin dut adierazpenik egin", esan du Orbegozok -Realaren bigarren taldeko jokalari guztiek bezala-, "eta ez dut horrelakoetan sartu nahi", gaineratu du.

Mikel Orbegozok bi denboraldi daramatza Sansen, aurrekoa Espainiako Hirugarren Mailan eta oraingoa Bigarren B mailan, eta gazte-gaztetatik egon da Realean. Eta beti gol asko eginez; Sansen 31 egin ditu gaur arte, 24 iaz eta 6 aurten. Anaiak, Jon Orbegozok, Lagun Onaken jokatu zuen eta, iaz Amorebietan jokatu ondoren, aurten Lemoan ari da, hau ere Bigarren B mailan.

Uztarria aldizkariak orbegozotarrei erreportajea eskaini zien iaz, Jon eta Mikel Realean aritutako Tomas osabarekin elkartuta.