Zapatuan izango da Sanjosetako Trikitixa Jaialdia

Uztarria.eus 2011ko mar. 16a, 14:03
Maider Jauregi eta Josu Arrizabalaga 'Izer' Trikitixa Elkartekoak, Itxaso eta Irune Elizagoien trikitilariak, Julian Eizmendi Azpeitiko alkatea eta Ana Mendizabal Azpeitiko Kultura zinegotzia.

Izarraitz pilotalekuan izango da, 18:00etan hasita, eta sarrerak salgai daude dagoeneko

Aurtengoan ez dute inor omenduko

Datorren zapatuan, San Jose Eguna, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean antolatuta, 2011ko Trikitixa Jaialdia izango da Izarraitz pilotalekuan. Trikitixa "indartu eta hedatzeko" asmoz antolatu dute urtero egiten den emanaldia eta Julian Eizmendik adierazi duenez, "ohorea da, azken urteotan bezalaxe, berriro gure herrian egitea jaialdia".

Sei talde izango dira oholtza gainean, 18:00etatik aurrera:

  • AgirrebeƱa anai-arrebak eta Arkaitz Allur
  • Javier Lopez Jaso eta Marcelo Escrich
  • Itxaso eta Irune Elizagoien
  • Esne Zopak
  • Edurne Iturbe eta Oihana Irastorza
  • Astiazaran anaiak eta Leire

Sarrerak salgai daude dagoeneko Ametsa eta Pastorkua tabernetan. 12 euro ordaindu beharko da, eta egunean bertan ere erosteko aukera egongo da jaialdia baino ordu eta erdi lehenago, leihatilan. Josu Arrizabalaga 'Izer'-ek jaialdia "oso polita" izango dela eta jendea jaialdira joatera "animatzeko" esan du. "Mota guztietako ikusleentzat" egindako jaialdia izango dela ere gaineratu du.

Omendurik ez

Urtero norbait omendu izan dute Sanjosetako Trikitixa Jaialdian, baina aurten ez dute inor omenduko. Izer-ek jakinarazi duenez, "norbait omentzea derrigorrezkoa dela ematen du eta aurten ez dugu inor omenduko, norbait omentze aldera. Jaialdia ona bada, omenaldi beharrik ez dago".

Iaz Azpeitiko 36 trikitilari omendu zituzten.