Jose Antonio Azpiazuren hitzaldia izango da bihar, Sanagustinen

Uztarria.eus 2011ko mar. 16a, 12:03

Azpeitiko industria eta merkatalgoa erdi aroan liburuaren harira eskainiko du hitzaldia

.19:00etan hasiko da eta Mikel Alberdik egingo ditu moderatzaile lanak

Jose Antoni Azpiazuk berak idatzitako Azpeitiko industria eta merkatalgoa erdi aroan liburuaren harira, hitzaldia eskainiko du bihar, osteguna, 19:00etan hasita, Sanagustinen. Mikel Alberdik egingo ditu moderatzaile lanak.

Azpeitiak herri gutuna jaso zueneko 700. urteurrenaren harira Udalak ateratako zazpi liburuetako bat da Azpeitiko industria eta merkatalgoa erdi aroan. Udalak, zazpi liburuen egileekin antolatu nahi ditu hitzaldiak. Joan den hilean eskaini zuen Juan Madariagak lehenengoa, Azpeitia: gizarte, kultura eta pentsamoldea liburua oinarri hartuta. Apirilean, berriz, Jose Maria Zuazok eskainiko du Ilustrazio garaia eta lehenengo karlismoa Azpeitian liburuaren harira.

Liburuak erosteko aukera

Hitzaldira bertaratzen direnek Azpeitiko industria eta merkatalgoa erdi aroan liburua erosteko aukera izango dute 15 euroren trukean. Zazpi liburuko bilduma erosi nahi duenak, berriz, 70 euro ordaindu beharko ditu, nahiz eta mometuan, bost liburu dauden argitaratuta.