Azpeitia eta Azkoitia arteko saihesbidearen proposamena aurkeztu dute

Uztarria.eus 2011ko mar. 3a, 13:03
Zuriz dauden zatiak zubiak dira eta berdez daudenak, berriz, tunelak.

Eneko Goia Bide Azpiegituren Foru Diputatuak aurkeztu du proposamena

Aurkeztu duten saihesbideak lau kilometroko luzera izango du eta 66 milioi euro ingurukoa da lanen aurrekontua

Azpeitia eta Azkoitia arteko saihesbidearen proposamena aurkeztu dute gaur, martxoak 3, Azpeitiko udaletxean. Eneko Goia Bide Azpiegituren Foru Diputatua, Julian Eizmendi Azpeitiko alkatea, Kontxi LarraƱaga Azkoitiko Udaleko zinegotzia zein Joxe Urbistondo, Julian Kortajarena eta Manuel Unanue Azpeitiko Udaleko zinegotziak izan dira aurkezpenean.

Eneko Goiak aurkeztu du saihesbide berriaren proposamena. Saihesbide horrek lau kilometroko luzera izango du eta zazpi tunel eta lau zubi izango ditu. 66 milioi euro ingurukoa da lanen aurrekontua. Eneko Goiak jakinarazi duenez, "Azpeitia eta Azkoitia arteko lotura errotik hobetuko da, eta bide segurtasuna hobetzeaz gain, trafikoa arinduko da, egunean 16.000 auto inguru hartzen dituen tarte horretan".

Errepide berriaren proposamena egina dago eta, orain, proposamen horren garapen teknikoa idatzi behar da. Ondoren, jendaurrera aterako dute proposamena eta orduan izango da helegiteak aurkezteko aukera. Behin fase hori bukatzen denean, eraikuntza proiektua egin beharko dute, lana enkantera atera eta horiek egiten hasi ahal izateko.

Saihesbidearen nondik norakoak

Proposamenaren arabera, Garmendipeko futbol zelaiaren ondoan egiten ari diren biribilgunean hasiko da saihesbidea, eta Zabaletxe baserri inguruan 50 metroko zubia egingo dute. Arria auzoaren gainean, 320 metroko zubia egongo da eta Sanjuandegiko tunelarekin elkartuko da. Telleria baserriaren parean, tunela eraikiko dute eta Bikoitz Etxeko tunelerantz jarraituko du bideak. Handik, Sistiagako tunelera joango da eta Sistiaga parean beste zubi bat egingo dute. Erletegi parean ere tunela egingo dute eta Mandiolatzan beste zubi bat. Txalintxon 780 metroko tunela zulatuko dute eta Azkoitiko Txerloiko biribilgunera arte zubia izango da. Guztira, lau kilometroko luzera izango du Azpeitia eta Azkoitia lotuko dituen saihesbideak.