Lapatx, organikoen hilerri bakar

Urola Kostako Hitza 2011ko ots. 24a, 18:02
Lapatxeko konpostatze plantak bilduko ditu Gipuzkoako hondakin organiko guztiak datozen urteetan. (HITZA)

Partzuergoaren planak aldatuta, oraingoz Lapatxeko konpostatze plantak jasoko ditu Gipuzkoako hondakin organiko guztiak

Zubietako erraustegiarekin eta "interes ekonomikoekin" lotzen du zenbaitek erabakia

Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak lurraldeko hondakinen kudeaketaren inguruan egindako PIGRUG planaren arabera, 2009an Gipuzkoan 29.000 tona hondakin organiko tratatzeko azpiegiturek eraikita egon behar zuten. Lapatxen dagoena mantenduz, Sasietan eta Zaldunbordan egitekoak ziren beste bi konpostatze-planta. Foru Aldundiak adierazi duenez, ordea, oraingoz ez dituzte egingo, "momentuz beharrezko ikusten ez delako". Lapatx "beharraren arabera" handitzen joango dira, nola egingo duten zehazki ez dakiten arren.

Lapatxera gaur egun tratatu daitekeena baino hondakin organiko gehiago iristen da. 2010ean Gipuzkoan 4.004 tona organiko bildu zen, eta Lapatxek ez du 2.500 tona baino gehiago kudeatzeko ahalmenik. Beraz, konpost bihurtzen ez diren hondakinak zabortegira botatzen dira zuzenean. Aurreikuspenen arabera, bereiztuta gero eta zabor gehiago biltzen denez, 2011. urtean 7.000 tona pasa bilduko dira. Hala balitz, Lapatx handitu bitartean 5.500 tona joango lirateke zuzenean zabortegira.

2010ean bildutako hondakinetatik %56,7 atez ateko bilketatik zetorren, eta % 28,5 bosgarren edukiontzitik. Atez atekoaren aldeko kolektiboek adierazi dutenez, gainera, "bosgarren edukiontzia erabiltzen dutenek, atez atekoa naturaltasun osoz egingo lukete aukera izango balute".

Bosgarren edukiontzia abian jarri duten herriek (eskualdean Aia, Azkoitia, Azpeitia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia) 50.000 euro jaso dute urtean Foru Aldunditik. Atez ateko zabor bilketa sistema aplikatu dutenek ez dute zentimorik jaso.

Konpostatze-planten gaia zuzenki erlazionatuta dago Zubietan eraikitzen hasiak diren errauskailuarekin. Hala adierazi dio Zero Zabor plataformako Joxe Mari Irazustak Hitza-ri. "Organikoaren politika aktibo apur bat aplikatuko balitz, errausketa plantaren beharra erabat kolokan jarriko litzateke". Zero Zaborrek dituen datuen arabera, Aldundiak aurreikusia zuena baino hondakin gutxiago sortu da azken urteotan: 2008an aurreikusitakoak baino 17.000 tona gutxiago eta 2009an 47.000 tona gutxiago.

"Organikoaren tratamendua atzeratzea komeni zaie, ordea, makineria guztia sartu dutelako jada errausketa plantan". Zero Zaborren nahiz beste erakunde ekologista batzuen iritziz, azken finean, "honen guztiaren izenburua da herritarren diru publikoarekin interes pribatu batzuk lehenetsi direla eta horien menpe jarri garela, enpresa eraikitzaileen, kudeatzaileen eta errauskailua finantzatuko dutenen menpe". FCC taldeak (Zerbitzu Elkartea, Altuna y UrĂ­a eta AE&E Innova) eraiki eta kudeatuko du Zubietako planta eta Europako Bankuak, La Caixak eta Banestok finantzatuko dituzte lanak; guztira 223,4 milioi kostatuko dira.

Horrekin batera salatzen dute, horiek guztiek "etekina" aterako dutela eta "zuloa diru publikoak" izango duela. "Eta badakigu diru publikoa nondik datorren: herritarren poltsikotik".

Errauskailuaren aurkako kolektiboek nahiz GHKk diote "ona" litzatekeela "bi alternatibak parez pare jarri eta azterketa esperimentalak egitea". Baina ez dira egiten. Foru eta udal hauteskundeen atarian egonik, eta bateko nahiz besteko agintariak aldatzeko aukera egonik, kolektiboen ustez "zuhurtzia politikoa aplikatu beharko lukete, eta gerora hipoteka izango den erabakirik ez hartu". "Hauteskundeetarako dena lotuta utzi nahiak interes ekonomikoak edozeren gainetik daudela erakusten du".

Carlos Ormazabal: "Inoiz ez dut esan gainerako bi konpostatze plantak egingo ez direnik"

Carlos Ormazabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko diputatuak Hitza-ri adierazi dioenez, hondakinen kudeaketa planaren arabera, Azpeitiak "ez du lurraldeko zabortegi bihurtzeko inongo arriskurik, erraustegia martxan jarri orduko itxiko baita Lapatxeko zabortegia". Konpostatze plantak zabalik jarraituko du, ordea.

Planak aldatu eta aurreikusitako hiru konpostatze plantetatik, bakarra, Lapatxekoa, geldituko da martxan, ezta?

Epe aldetik bakarrik egon dira aldaketak. Momentu honetan Gipuzkoa osoan sortzen den gai organikoa jasoz funtzionatzen ari da Lapatx, eta irtenbidea ematen dio momentuz. Mahai gainean dauden sistema bilketekin, guk proposatu dugun 5. edukiontzia alde batetik eta atez ateko bilketa sistema bestetik, kronograma bat egiten ari gara ikusteko zer behar izango ditugun etorkizunean. Razionaltasun ekonomiko batetik ikusita, datozen bi urte inguruan ez da beste plantarik eraikitzeko beharrik izango, hiru planta izango baigenituzke, baina oso zerbitzu gutxirekin. Momentuz hor jarraitzen dute Zaldunbordan eta Arrasate inguruan konpostatze plantak egiteko asmoek. Inoiz ez dut esan egingo ez direnik, baina, gauzak behar diren heinean eta eran eraikitzen joango dira.

Lapatxek tratatu dezakeena baino hondakin organiko gehiago biltzen ari da, dena den, datuek diotenaren arabera.

Bai, hala da, eta horregatik dugu eskuartean Lapatxeko konpostatze planta handitzeko proiektua, sortzen diren beharrei erantzuna emateko. Partzuergoko Administrazio Kontseiluan erabakia hartuta dago eta orain Lapatxen bertan dauden aukerak ikusten ari gara. Alde batetik, zabortegia estaltzen bada, haren gainean eraikitzea, eta bestetik, inguruetako baserrietako lurretan eraikitzekoa.

Zer etorkizun du, beraz, Lapatxek?

Bere garaian Lapatxen bertan konpostatze planta eraikitzea Diputazioaren eta Lapatxen arteko hitzarmen batetik etorri zen, esperimentalki jarri zen, bildu zitekeen organikoari zein irtenbide eman edo zer nolako konposta lor zitekeen ikusteko. Errausketa planta martxan jartzen denean, 2013-2014 tartean, zabortegiak itxi egingo dira dira, Lapatx, Urteta eta Sasietakoa. Lapatxek konpostatze planta moduan jarraituko du funtzionatzen.

Lapatxek planta piloto izaten jarraituko du ala izaera aldatuko da?

Jada ez da planta pilotoa, eta gauza bat gelditzen zaigu egiteko: hor lortzen den konposta komertzializatzeko baimena lortzea. Pare bat hilabetean izango dugu hori. Hala, hondakinen zikloa itxi egingo da, hor lortzen den konpostari erabilera emanez. Bestela hondakina izaten jarraituko bailuke.

Herriei eman duten organiko kopuruaren arabera emango zaie konposta, ezta?

Hori da. Partzuergoak saiatu beharko du konposta komertzializatzen eta komertzializatzen ez dena mankomunitateei helaraziko litzaieke bidali duten materia organikoaren proportzioan.

Lapatxeko organikoak, atez atekotik eta 5. edukiontzitik jasotzen dira. Desberdin tratatzen al dira?

Kondizio onetan iristen den organiko guztia elkarrekin tratatzen da, bestela, azpiegitura bereiziak beharko lirateke. Sukaldatutako eta ez sukaldatutako organikoa biltzen da; eta mankomunitateren batek sukaldatu gabeko organikoa oinarri duen konposta eduki nahiko balu, beste tratamendu bat beharko litzateke. Baina, momentuan, Lapatxen organiko denei tratamendu bera ematen zaie, baldintza berdinetan iristen badira beti ere.