Azpeitiak bolatoki publikoa izango du Garmendipen

Uztarria.eus 2011ko ots. 23a, 18:02
Agustin Garcia, Garmendipeko bolatokiko lanetan.

Garai batean sokatirako entrenamenduetarako erabiltzen zuten gunean ari dira prestatzen

Sarrera anexotik izango du eta bizpahiru aste barru lanak bukatuta egotea aurrikusten dute

Azpeitiak kirolerako gune berria izango du laster. Bolatoki publiko bat, hain zuzen ere. Garmendipen ari dira prestatzen, garai batean sokatirako entrenamenduetarako erabiltzen zuten gunean. Julian Kortajarena Udaleko Kirol batzordeburuak azaldu duenez, "sokatirarako egiturak, poleak eta, mantendu egingo ditugu, etorkizunean berriro sokatirarako erabili nahi bada ere".

Bolatoki berriak sarrera anexotik izango du. Anexoa Garmendipeko zelai nagusiarekin lotzen duen ate handiaren inguruan jarriko dute bolatokirako sarrera, eskailera baten bitartez, eta bolatokia itxi eta futbol zelaiaren gunearekiko bereizteko itxitura bat ere jarriko dute. Bizpahiru aste barru lanak bukatuta egotea aurrikusten dute.

Zaletu baten ekimenez

Azpeitian bolo-jokorako zaletasun handirik ez dago, ez behintzat aspaldiko urteetan. Baina bada azpeitiar bat, Agustin Garcia, bolo-jokoan dabilena, eta haren ekimenez jarri zen martxan berehala errealitate bihurtuko den bolatokiaren proiektua.

Garciak gogoan dauka Komuntzoko bolatoki zaharra, umetan han ibili izana, "baina ez boloekin jolasten, saltseatzera bakarrik joaten ginen gu hara". Zaletasuna ez datorkio garai haietatik, hori geroko kontua izan da. Azkoitiko lagun baten bidez inguratu zen Garcia boloen mundura, orain dela urte batzuk. Floreagako bolatokia bisitatzen hasi eta, azkenean, "katigatu"; hango elkartean sartu, federatu, eta Euskal Herri mailako txapelketetan parte hartzen hasi zen.

Azpeitian bolatoki bat eraikitzearen kontua, berriz, orain dela pare bat urtetik honakoa da. Garcia beraren ekimenez iritsi zen gaia Udalera, eta harrera ona izan zuen, nonbait. Iaz onartu zuten proiektua, eta urte honen hasieran ekin zioten obrari..

Orain, Azpeitian boloetarako taldea sortzea da Agustin Garciaren nahia. Badaki ez dela erraza izango, Debabarrenean ez bezala -Elgoibarren, Eibarren...-, hemen ohiturarik ez dagoelako, baina horretan ahalegintzen ari da. "Bakarren batzuk ari dira izena ematen, baina ez dakit, gustatuko al zaien. Probatu dezatela, behintzat", dio. "Edozeinentzat" joko egokia dela esaten du, "denentzat, gazte zein heldu, gizonezko zein emakumezko. Ea neskak ere animatzen zaizkigun". Probatzeko interesa duen orok Agustin Garciari deitu besterik ez dauka, 688617302 telefonora. Bolatokia publikoa izango da, eta Garcia bera arduratuko da hala nahi dutenei bolo-jokoaren berri eman eta, nahi izanez gero, ikastaroren bat emateaz ere bai.

Gipuzkoako Txapelketaren finala, Azpeitian

Bolo-jokoa aipatu eta bati baino gehiagori etorriko zaizkio burura bowling-eko pista irristakorrak, baina "ez du zerikusirik", nabarmentzen du Garciak. "Hau lur gainean jokatzen da, eta hura pistan. Oso ezberdinak dira. Hemen hiru txirlo esaten zaion modalitatean jokatzen dugu. Hiru bolo dira, kono itxurakoak, egurrezkoak, oso sinpleak".

Azpeitiko bolatoki berriak inauguratu eta laster izan dezake bere lehen hitzordu nagusia. Izan ere, Gipuzkoako Txapelketaren finala bertan jokatzekoa da, maiatzeko azken astean.