Sergio de la Fuente, Iraurgira

Uztarria.eus 2011ko ots. 11a, 12:02
Sergio de la Fuente, Iraurgiko elastikoarekin. (Iraurgisb.com)

ACB Ligan eta Espainiako gazteen selekzioetan jokatutakoa da

Hegal-pibot postuan aritzen da, 1,98 metro neurtzen du eta 21 urte dauzka

Azken albistea (otsailak 12, 11:00). 80-84 galdu du Iraurgik. De la Fuentek 14 puntu sartu ditu

Lan Mobel Iraurgik jokalari ezagun bat fitxatu du denboraldiaren azken parteari aurre egiteko: Sergio de la Fuente (Gasteiz, 21 urte, 1,98 metro). Hegal-pibot postuan jokatzen du, eta Valladolid (Espainia) klubean hazitako jokalaria da.

Espainiako ACB Ligan jokatuta dago, Valladolidekin, 2007-2008an. Hamabi partidatan aritu zen. Batez bestekoak: zortzi minutu, 2,4 puntu, 1,3 errebote. Iaz Urrezko Adeccon jokatu zuen, Breoganen (Galizia). Talderik gabe zegoen orain.

Espainiako Estatuko gazteen selekzioetako deialdietan ohiko jokalaria izan da. 2008an junior mailan Europako Txapelketako brontzezko domina jantzi zuen, eta 2009an 20 urtez azpiko txapelketakoa.

Gaur Iraurgiren partida, etxean

Iraurgik gaur gauean jokatuko du Zilarrezko LEB Ligako beste partida bat: Plasencia Extremaduraren aurka, Azpeitian (21:00). 11. postuan dago Iraurgi (hamabost dira bere multzoan), sei neurketa irabazita eta hamabi galduta. Plasencia Extremadura seigarren dago (hamar-zortziko markarekin).