Antizikloiak aireko kutsadura areagotu du

Urola Kostako Hitza 2011ko ots. 11a, 11:02

Azpeitiko airearen kalitatea neurtzen duen tresnaren arabera, partikula kutsagarrien kopurua bikoiztu egin da

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak "kontaminazio moderatutzat" jotzen du kutsadura maila

Azken egunetako eguraldi onak utzi duen "goxotasuna" eskertu dute herritarrek, baina alde txarra ere badu, kutsadurari dagokionez batez ere. Azpeitian airearen kalitatea neurtzen duen aparailuaren arabera, antizikloiak herriko kutsadura areagatu du. "Presioa altua denean, atmosferak airea lurrera bultzatzen du. Haizerik izan ezean, isurtzen diren gasak ez dira zabaltzen, eta lurrean geratzen dira", dio Izaskun Zeziaga Azpeitiko Udaleko Ingurugiro teknikariak. Zeziagak adierazi duenez, "horrelako egunetan asko areagotzen" da kutsadura, baina, Azpeitian ez ezik, inguruko herrietako egoera ere "antzekoa" dela jakinarazi du. "Komunikabideek diote Azpeitian igo dela kutsadura, baina, berez, bailara guztiko fenomenoa da. Azpeitian dago kutsadura neurtzeko gailua, eta horregatik aipatzen dute herria".

"Kutsadura moderatua"

Tresna horrek airearen kalitatea aztertzen du; partikulak, karbono monoxidoa eta ozonoa neurtzen ditu, esaterako. Neguan auto, enpresa eta etxeetatik partikula gehiago isurtzen dela dio. Izan ere, airean dauden partikulen ondoriozko kutsadura mailak urteko bataz besteko maila gainditu du. Urteko bataz besteko kutsadura maila %20 ingurukoa izan ohi da, eta aste honetan maila %51ra iritsi dela jakinarazi du teknikariak. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak "kontaminazio moderatutzat" jotzen du maila.

Neguan partikula "fokoak" edo pilaketa guneak ugaritzen badira ere, aste honetako egoera "salbuespena" dela aipatu du Zeziagak, antizikloia ohi baino gehiago irauten ari baita. Azken bost urteetan bailaran ez dela halako egoerarik antzeman nabarmendu du. Hala ere, Udalak ez du "larritzat" jotzen egungo kutsaduraren maila.