"Aurreikusi baino bazkide gehiago" lortu ditu Kultur Mahaiak

Uztarria.eus 2011ko ots. 10a, 19:02

Aurreneko kanpainaren ondoren 200 bazkide izatea zuten helburu, eta 233ra iritsi dira

"Oso gustura egoteko modukoa da bazkide kopuru hori, herritarrek babesa eman diguten seinale"

Azpeitiko Kultur Mahaiak "aurreikusi baino bazkide gehiago" lortuz amaitu du bazkidetzako hasierako kanpaina, Sanagustin ireki zenetik -abenduaren 11tik- urtarrilaren amaiera arte luzatu dena. Aurreneko kanpainaren ondoren 200 bazkide izatea zuten helburu, eta 233ra iritsi dira. Horietatik 208 norbanakoak dira eta 25 kultur taldeak.

"Oso gustura egoteko modukoa da bazkide kopuru hori, herritarrek babesa eman diguten seinale. Gainera, bazkideen bidez Kultur Mahaiaren proiektuak herrian gehiago zabaltzeko aukera izango da", diote Kultur Mahaitik. "2011n zehar bazkide gehiago lortzeko lanean" jarraituko dutela ere aurreratu dute.

Bazkideekin harremana

Lehen bazkidetza kanpaina amaituta, aurrerantzean bazkideekin harremanetan nola eta zertarako jarriko den ere zehaztu du Kultur Mahaiak.

"Bazkide ia den-denekin e-mailez" komunikatzea dute helburu, haiei helbidea eskatu ondoren. Helbide elektronikorik ematen ez dutenei gutunak bidaliko dizkiete. Bi hilean behin Kultur Mahaiko bazkideen barne buletina helaraziko diete. Atzo, otsailak 9, igorri zituzten aurrenak. Hilero eskuko kultur agendaren PDFa ere bidaliko die Kultur Mahaiak bazkideei.

Bazkideen ohiko batzarra urtean behin egingo du Kultur Mahaiak, "urte bukaeran". Bazkideek abantaila batzuk izango dituzte urtean zehar; besteak beste, ekitaldietarako sarrerak zozkatuko ditu Kultur Mahaiak bazkide direnen artean.

"Emaitzak lortzen"

"Azpeitiko kultur bilgunea emaitzak lortzen ari da, proiektuak gauzatzen, eta aurtengorako ere egitasmo garrantzitsuak ditu", adierazi dute Kultur Mahaitik. Egitasmo horiek 2010eko abenduaren 1ean Mahaiak onartutako planean oinarrituko dituzte. 2011rako 19.000 euroko aurrekontua du Kultur Mahaiak.