Gorka Karapeto: "Esperientzia ederra izan da bigarren 9a kateatzea"

Uztarria.eus 2011ko ots. 10a, 12:02
Gorka Karapeto Landetako eskalada lokalean. (Urola Kostako Hitza)

Joan den urtarrilaren 21ean kateatu zuen Karapetok bigarren 9a

David Gambus gasteiztarrarekin igo zuen Esclatamasters bidea

Joan den urtarrilaren 21ean Gorka Karapeto (Azpeitia, 1981) eskalatzaileak eta David Gambus gasteiztarrak Lleidako Perleseko eskalada eskolako Esclatamasters bidea egin zuten. Karapetorentzat 9a zailtasun mailako bidea kateatzen duen bigarren aldia da.

Lorpen hori dela-eta, Uztarria.com-ek Gorka Karapetorekin hitz egin du.

Zer moduzko esperientzia izan da zure bigarren 9a hori?

Esperientzia ederra izan da. Batez ere David eta biok elkarrekin bizi izan ditugun momentuak eta lortu genuen eguna ederrak izan dira. Berezia izan da.

Zer nolako bidea da Esclatamasters? Eta, nork ireki zuen bidea lehenengo aldiz?

Oso bide dotorea da, arroken kalitatea handia da eta oso estetikoa, gainera.

Lehen igoera, Ramon Julian (2010eko munduko txapelduna) kataluniarrak egin zuen. Dave Graham estatubatuarra izan zen bigarrena eta, ondoren, Patxi Usobiaga euskaldunak eta Said Belhaj suediarrak igo zuten.

Sistematik ihes orain dela bi urte pasa igo zenuen. Zertan bereizten dira bideak, eta zuk bizitako bi esperientziak?

Oso bide desberdinak dira. Sistematik ihes sabaiko eskalada da: helduleku hobeak, baina mugimendu fisikoagoak ditu. Esclatamaster bertikala da, bide teknikoagoa, eta helduleku txikiak ditu. Biak zailtasun handikoak dira baina oso estilo desberdinekoak.

Beste euskaldun batekin, David Gambusekin, batera kateatu zenuen Esclatamasters.

Bai, oso berezia izan da. David Gambus gasteiztarra da, baina sei urte daramatza Katalunian bizitzen. Oso eskalatzaile trebea da. Aspalditik ezagutzen dugu elkar eta oso lagunak gara.

Katalunian kateatu duzu bidea, eta han bizi zara gaur egun. Zer moduz?

Oso ondo, Katalunian arroka asko dago eta. Nire kirol ibilbidearentzat leku oso egokia da, eskalatzeko leku asko dago eta zailtasunezko bide mordo bat. Eguraldiak ere asko laguntzen du.

Txapelketak utzita al zabiltz, ala ez?

Nire lehentasuna arroka da. Txapelketetan parte hartzen dut, baina ez naiz horietarako bereziki prestatzen. Aurten ez dakit zenbat txapelketetara joango naizen. Abuztuan Norbegiara joateko gonbita egin didate. Norwegianrockmaster' txapelketan Psicoblock modalitatean (ur gainean sokarik gabe) internazional mailan egingo den lehen txapelketan parte hartzeko gonbita hain zuzen. Master horretara ziur joango naiz. Ohore bat da, munduko eskalatzaile onenak bertan bilduko dira eta.

Zer asmo dituzu datozen hilabeteetarako?

Gauza asko ditut buruan, baina momentuz lehentasuna duten helburuei aurre egitea eta eskaladaz disfrutatzea dira nire asmoak.