Grebak ia erabateko jarraipena Azpeitian

Uztarria.eus 2011ko urt. 27a, 11:01
Arratsaldeko manifestazioaren burua, Perez Arregi plazatxoa zeharkatzen

Goizean goiz hasi dituzte greba eguneko ekimenak, eta 200 bat lagunek hartu dute parte manifestazioan

Azken ordukoa (19:00) Azpeitian "arrakasta handia" izan du lanuzteak, deitzaileek arratsaldeko manifestazio jendetsuan esan dutenez

ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek Espainiako Gobernuaren pentsio erreformaren kontra gaurko (urtarrilak 27) deitutako greba orokorrak jarraipen handia izan du Azpeitian. Egun guztirako hainbat mobilizazio deitu dituzte Hego Euskal Herri osorako, eta Azpeitian ere burutu dituzte ekimenak.

Goizeko 05:30ean kiroldegi aurrean elkartu dira ordezkari sindikalak, pikete informatiboak osatu eta industria poligonoetara zuzentzeko. 09:00etan egin dute eguneko lehen manifestazioa, Plaza Nagusitik abiatuta. 200 bat lagunek hartu dute parte bertan.

Egun osoko lanuztea da gaurkoa, eta goizean goizetik komertzio eta merkatalgune guztiak itxita egon dira. Taberna eta kafetegiak ere bai.

Udaletxean gutxieneko zerbitzuak ari dira eskaintzen: goizean zabor-bilketa eta kale-garbiketa egin dute, eta Udaleko Erregistro Sarrera Udaltzaingoaren bulegoan egongo da egun guztian. Igerilekua eta kiroldegia ere itxita daude.

Anbulatorioan osasun zerbitzu minimoak ari dira eskaintzen.

Ikasberri Azpeitiko Ikastola itxita egon da. Karmelo Etxegarai eta Urola Ikastolan gutxieneko zerbitzuak eskaini dituzte eta Iraurgi Ikastetxean ere bai.

Lurraldebus eta La Guipuzcoana autobusak normaltasunez ari dira ibilbideak egiten.

Herriko hainbat enpresek ere bat egin dute greba deialdiarekin. Hona enpresa handienetako batzuk: Biele, Glual, Grumal, Sarralle, Azcue y CIA, Cidemco, Domusa, Altuna y Uria, Azkune, Astigarraga Kit Line, Marmoles Aztiria, Sammic, Xaxarki.

"Arrakasta handia"

Azken ordukoa (19:00)

18:00etan plazatik irtenda egin duten manifestazioarekin bukatu dituzte sindikatuek greba egunerako Azpeitian deituta zituzten mobilizazioak.

Azpeitian "arrakasta handia" izan du lanuzteak, deitzaileek arratsaldeko manifestazio jendetsuan esan dutenez. Ehundaka lagunek egin dute bat deialdiarekin. Manifestazioaren amaierako hitzaldian, "neurri latzen aurrean, erantzuna ere latza" izan dela nabarmendu dute ordezkari sindikalek, eta eskerrak eman dizkiete egunean zehar "mobilizazioetan parte hartu duten langile guztiei". Gaurko greba deitzearen arrazoiak gogoratu ondoren, Eusko gudariak abestuta, txalo artean amaitu dute elkarretaratzea.