Ostegun honetako greba egunerako mobilizazioak deitu dituzte sindikatuek

Uztarria.eus | Ekonomia | Artikulua
2011-01-25 19:01

ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek Espainiako Gobernuak onartuko duen pentsio erreformaren kontra deitu dute greba orokorra etzi ostegunerako

Azpeitian 09:00etan eta 18:00etan manifestazioak egingo dituzte, eta Donostiara joateko deialdia ere luzatu dute

ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek Espainiako Gobernuak onartuko duen pentsio erreformaren kontra deitu dute greba orokorra etzi ostegunerako, urtarrilak 27. Egun horretarako hainbat mobilizazio deitu dituzte Hego Euskal Herri osorako, eta Azpeitian ere izango da ekimenik, ELAren eta LABen eskutik.

Goizeko 05:30ean kiroldegi aurrean elkartuko dira ordezkari sindikalak, pikete informatiboak osatu eta industria poligonoetara zuzentzeko. 09:00etan eguneko lehen manifestazioa egingo dute, plaza Nagusitik abiatuta. Eguneko manifestazio nagusia, berriz, 18:00etarako deitu dute; hau ere plazatik abiatuko da.

Gipuzkoa mailako mobilizazio bateratuak Donostian egingo dituzte greba deitu duten sindikatuek, eta hara joateko deia ere luzatu dute Urola Kosta eskualdeko ordezkari sindikalek, Azpeitikoek barne. Donostian, eguneko lehen manifestazioa 09:30ean aterako da Pio XII.a plazatik. 11:45ean, berriz, Urola-Kostako ordezkaritza Antigua auzotik abiatuko da Artzai Onaren katedraleruntz. Han, Donostiako beste gune batzuetatik joandako beste eskualdetako jendearekin elkartu eta Bulebarreraino egingo dute manifestazioa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa