Gehiago, beranduago... baina festa nagusi

Uztarria.eus 2011ko urt. 20a, 03:01
Talde guztiak plazan elkartuta, bandera igo aurretik.

Helduen danborrada jendetsuarekin hasi dira 2011ko San Sebastian festak

Bezperako danborradaren argazki bilduma, albiste honetan

Inoiz baino talde gehiagorekin, inoiz baino parte-hartzaile gehiagorekin eta inoiz baino beranduago abiatuta, helduen danborrada jendetsuarekin hasi dira 2011ko San Sebastian festak.

23:15ean hasi da danbor-joleen festa eta, urteetan egin izan den ez bezala, talde guztiak –aurten 25 izan dira, desfilea ireki duten Gastadoreak kontatu gabe– zuzenean plaza Nagusira joan dira, gauerdian bandera altxatzeko. Aurretik, kanpaikadekin muga-mugan, Bake bidean akordioaren puntu nagusiak irakurri dituzte plazako kioskotik.

Plazakoa San Sebastian bezperako bukaera izan da orain arte, baina aurten hasiera besterik ez da izan. Horrela, bandera igo ondoren hasi da taldeen kalez kaleko ibilia, parrokiko geldialdi eta guzti.

Ikusi hemen San Sebastian bezperako danborradaren argazki bilduma

San Sebastian eguna

Gaurko ekitaldi nagusiak, besteak beste, haurren danborrada (12:30ean), sokamuturra (12:00etan eta 16:30ean) eta gauerdian egingo den bandera jaistea izango dira. 23:15ean hasiko dute bandera jaistearen ibilbidea sei elkartek, Udal Musika Bandak lagunduta: Zokoa, Basazabal, Ziripot, Landeta, Egizale Landeta, Alkartasuna eta Oilagorra.

  • 09:30. Txistularien goiz eresia. Ordu berean hasita, Ardozaleak eta Gure Ametsa Taldeek kalejira egingo dute Udal Musika Bandarekin batera.
  • 10:15. Herriko agintarien korporazioa Soreasuko Sebastian donearen parrokira joango dira.
  • 10:30. Santua prozesioan aterako dute.
  • 10:45. Meza nagusia izango da parrokian. Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeek San Sebastian martxa joko dute parrokian.
  • 12:00. Sokamuturra izango da Erdi kaletik aterata Plaza Nagusian.
  • 12:30. Haurren danborrada hasiko da, Arana eta Artzubia kaleetatik abiatuta. Julian Barrenetxea hil zeneko 50. urteurrena eta Julian Barrenetxea abesbatzaren 25. urteurrena irudikatuko ditu aurtengo karrozak. Eider Joaristik egin du Imanol Eliasen aholkularitzarekin.
  • 16:00. Haur parkea jarriko dute Olazko Andre Mariaren plazan.
  • 16:30. Sokamuturra izango da kaleetan 20:00ak bitartean.
  • 17:00. Asegarceko pilotariek partidak jokatuko dituzte Izarraitz frontoian. 1. partida, lau t’erdikoan: Iñigo Leiza / Iñigo Diaz. 2. partida, binaka: Ekaitz Saralegi- Kepa Peñagarikano / Iker Arretxe Arretxe II- Iñaki Otxandorena.
  • 23:15. Bandera jaistearen ibilbidea hasiko dute sei elkartek Udal Musika Bandak lagunduta: Zokoa, Basazabal, Ziripot, Landeta Egizale, Alkartasuna eta Ollagorra.
  • 00:00. Bandera jaistea.