Guardia Zibilak astebukaeran Erlon izandako presentzia salatu du AAMk

Uztarria.eus 2011ko urt. 17a, 19:01

Larunbatean, urtarrilak 15, "mendira egokituriko uniformearekin" eta "metraileta handiak soinean" ibili zirela diote

Azken asteetan Izarraitzen Guardia Zibilaren presentzia "handia" izaten ari dela dio Amnistiaren Aldeko Mugimenduak

Joan den larunbatean, urtarrilak 15, "mendira egokituriko uniformearekin" eta "metraileta handiak soinean" zituztela "guardia zibil ugari" Erlo mendian ibili izana salatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM). Larunbatekoa ez litzateke, ordea, guardia zibilen azken aldiko agerraldi bakarra herrian. Azken asteetan Izarraitzen Guardia Zibilaren presentzia "handia" izaten ari dela dio AAMk eta, "besteak beste, beraien Patroletan Xoxote gaineraino ere igo" direla esan dute.

Azaro bukaeran, bestalde, Espainiako armadako kamioiak Azpeitian ibili izana salatu zuen AAMk.

Salaketarekin batera eskaera ere luzatu dute AAMtik: "Kanpotik etorritako poliziei alde egiteko eskatzen diegu, gure herrian une honetan abian den prozesu politikoak ez duelako kanpoko polizia armatuen eta militarren esku hartzerik behar, alderantziz baizik". Eta herritarrei deia, "antzeko probokazio eta mehatxuen aurrean prozesu horren aldeko jarrera indartzeko".